Altsasuko II. Lilasterketarako izena ematea zabalik

Guaixe 2015eko otsailaren 25a

Emakumeen lasterketarako inskripzioa www.dantzalekusakana.com web gunean eta Emakumeen Bilgunean egin daiteke, dohainik

Martxoaren 15ean jokatuko da, bigarren aldiz, Altsasuko II. Lilasterketa, emakumeendako lasterketa parte-hartzaile eta ez lehiakorra. Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildora prestatu da lasterketa. Altsasuko Udalak antolatu du, Emakumeen Bilgunearen bidez, eta Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren laguntza izan du.
Lasterketaren helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea da, adin guztietako emakumeena. Probak San Silbestrearen ibilbide bera izango du, 4 km ingurukoa, Foru plazatik aterata. Bukaeran parte-hartzaileendako hamaiketakoa izanen da. Aurreko urtean Lilasterketa arrakastatsua izan zen: probarako prestatutako 100 petoak amaitu ziren.122 emakume izan ziren aritu zirenak.

Izena emateko
Proban izena emateko epea zabalik dago. Horretarako Emakumeen Bilgunera deitu (948 564 823) edo www.dantzalekusakana.com web gunean sartu behar da, eta izena ematea dohainik da.