Altsasuko Duatloirako izena ematea zabalik

Guaixe 2015ko mar. 4a, 09:42

Martxoaren 21ean jokatuko da. 11:00etan kategoria txikikoak eta 16:00etan proba nagusia

Sakana Triatloi Taldeak antolatuta, martxoaren 21ean jokatuko da VI. Altsasuko Duatloia. Goizeko 11:00etan Nafar Kirol Jolasetako probak jokatuko dira, kategoria txikikoak, eta 16:00etan proba nagusia. Proba nagusian hasieran duatletek 5 km egin beharko dituzte korrikan, gero txirrindula hartu eta 22 km bizikletan aritzeko. Bukatzeko, 2,5 kilometroko korrikaldia eginen dute.

Proban parte hartzeko izena ematea zabalik dago, www.navarratriatlon.com web orrian. Kategoria txikietarako ez da ordaindu beharko, baina proba nagusirako, federatuek 22 euro ordaindu beharko dituzte, eta federatu gabekoek 26 euro.