Aldaketak bateragarritasunerako aisialdi programetan

Guaixe 2015ko mar. 9a, 08:59

Haurren guraso edo tutoreek euren errentaren araberako tasa ordaindu beharko dute. Aste Santuko eskaintzarako izen ematea gaur zabaldu eta ostiralean itxiko da. 012 telefonora hots eginez edo www.alsasua.net/eu web bidez egin daiteke

Aste Santuko oporrak direla eta ikasleek jai izaten dute. Lana eta familia bizitza bateratu ezin duten pertsonei zuzendutako programak martxan ditu Altsasuko Udalak. Aurtengo eskaintza apirilaren 7, 8, 9 eta 10erako egin du udalak. 3 eta 12 bitarteko haurrei zuzendutako zerbitzua ludotekan izanen da 8:30etik 13:30era edo 11:00etatik 13:30era. Ezgaitasuna duten gazteei zuzendutako zerbitzua, berriz, Intxostiapunta gazte gunean izanen da, 17:00etatik 20:00etara.

Joxepi Markinez ludotekariak jakinarazi digunez, aurten bi berrikuntza izanen dira aisialdi programa horietan. Alde batetik, programen izena aldatu egin dute. Dagoeneko ez dira Bateragarria, Dibertigarria izanen. Haurrei zuzendutakoak Aisiaz Blai izena hartu du eta behar bereziak dituzten gazteei zuzendutakoak, berriz, Gu Geu Gazte. 

Hobariak
Bestetik, ordaindu beharreko kuota familia unitatearen errentaren arabera ezarri da. Hala, 4.000 euro baino gutxiago errenta dutenei %40ko hobaria izanen dute; 7.500 euroko errenta izatera iristen ez direnen kasuan hobaria %20koa izanen da. 7.500 eta 15.000 euro arteko errenta dutenek ez dute hobaririk izanen eta 15.000 eurotik gorako errentadunek, azkenik, %25eko igoera izanen dute. Programan onartuak direnek hilaren 18tik 24rako astean aurkeztu beharko dute errenta aitorpena udaletxean. Bestela, azken tarifa ezarriko zaie. 

Horiek kontuan izanik, Aisiaz Blai programako ordutegi luzean izena eman nahi dutenek haurreko 7,8, 10,4, 13 edo 16,25 euro ordaindu beharko dituzte. Ordutegi murriztuarengatik 3,9, 5,2, 6,5 eta 8,13 ordaindu beharko dute.Gu Geu Gazte programako tarifak Aisiaz Bali programako ordutegi luzeko berak dira. 

Itxaron zerrendara
Han sartuko dituzte programa batean edo bestean izena ematen duten beste herrietakoak.