Goazen Altsasu hautes-elkarteak hauteskundetara aurkezteko abalak behar ditu

Guaixe 2015ko mar. 12a, 10:12

Podemos Altsasu Ahala Dugu zirkuluak sustatu du eta udal-hauteskundetara aurkeztu ahal izateko 100 sinadura lortu behar ditu.

Alderdiaren izena erabili ezin dutenez, Podemos Altsasu Ahal Duguko zirkuluko kideek hautes-elkarte formula erabiliz maiatzaren 24ko udal-hauteskundeetara aurkeztea erabaki dute. Horregatik altsasuarrei babesa emateko dei egin dieta. Altsasun erroldatuta dauden 100 pertsonaren abalak edo sinadurak behar dituzte. Udaletxeko idazkariaren aurrean eman beharko dira sinadura horiek eta nortasun agiria erakutsi beharko dute hala egin nahi dutenak. Sinadurak emateko epea ere zehaztu dute: apirilaren 7tik 17ra arteko lan egunak, 11:00etatik 13:00etara; 8an eta 15ean 17:00etatik 19:00etara sinatzeko aukera ere izanen da.

Podemos Altsasu Ahal Dugu zirkuluaren aurreneko batzarra agorrilaren 14an izan zen. Orokorrean Altsasuren egoera politiko, ekonomiko eta lan arloko egoera okerrak bultzatu zituen bilkura hartan parte hartzera. Zirkulutik adierazi dutenez, “herritarrek politikan protagonismoa berreskuratu behar dute”. Ahal Duguren helburua “sekula ezagutu ez den egitura politiko demokratikoagoa, irekiagoa eta pluralagoa sortzea da. Proiektuan parte izatea erabaki duenak azken hitza izanen duen erakunde politiko eredu berria”.

Hitzaldia
Gaur, 19:00etan, Gure Etxea eraikinean hitzaldia antolatu du Ahal Duguk. Alderdiko Uharteko idazkari nagusi Fran Espinosask hartuko du hitza demokraziaz eta parte hartzeaz hitz egiteko.