Ballazekin irakurketaz eta idazketaz aritzera

Guaixe 2015ko mar. 16a, 13:36

Astelehenean, 18:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean egonen da Jesus Ballaz Zabalza, idazlea eta editorea

Altsasuko Liburutegi Publikoak gonbidatuta astelehenean gurean izanen da Jesus Ballaz Zabalza. Ledearra sortzez, Katalunian bizi da gaur egun. Arlo editorialean lan egin du urteetan, eskola testuekin lehenik eta haur eta gazte literaturarekin ondoren. Baina horrekin batera, egile katalanen lanak gaztelaniara itzuli ditu eta haur eta gazteei zuzendutako 40 bat lan idatzi ditu. Horien artean dago zortzi urte bitarteko haurrei zuzendutako Ibai pertsonaia protagonista duten album ilustratu saila. Ballazen lanak hainbat hizkuntzetara itzuliak izan dira, baita euskarara ere, esaterako: Lurreraino iristen ez zen jirafa, Eguberria iragarri zuen gizonkiloa, Pareta zuloa edo Etxe bat noraezean.