II. Lilasterketa Altsasun

Guaixe 2015ko mar. 14a, 15:13

Emakumeendako proba ez lehiakorra igandean 12:00etan abiatuko da Foru plazatik

Martxoak 8 Emakumeen Nazioarteko Egunaren ildora, Altsasuko Udalak, Emakumeen Bilgunearen bitartez aurreko urtean lehenengo aldiz antolatu zuen Lilasterketa, emakumeendako lasterketa parte-hartzaile ez lehiakorra. Donostiako Lilatoia Sakanara ekarri eta Altsasun emakumeen lasterketa bat antolatu nahi izan zuten. Ekimenak arrakasta handia izan zuen, Lilasterketarako egindako 100 petoak amaitu baitziren. 122 emakumek parte hartu zuten proban; gazteenak 5 urte zituen eta helduenak 64. Parte-hartzaile gehienak 21-40 urte artekoak ziren.

Aurreko urteko arrakasta ikusita aurten ere Lilasterketa antolatzea erabaki du Altsasuko Emakumearen Bilguneak. Horretarako Dantzaleku Sakana Atletismo Klubaren laguntza izan du.Igandean izanen da, Altsasuko Foru plazatik abiatuta, 12:00etan. Berdintasunaren aldeko lasterketa hau ez da proba lehiakorra izango. Korrika, oinez… norberak ahal duen moduan egiteko aukera izango du, helburua emakumeen parte hartzea sustatzea delako, 0-99 urte bitarteko emakumeena. Probak San Silbestrearen ibilbide bera izango du, 4 km ingurukoa. Bukaeran parte hartzaileendako hamaiketakoa izanen da.

Izena ematea zabalik eta dohain
Izena ematea dohainik izanen da. Aurretik www.dantzalekusakana.com web orrian, eta egunean bertan, 11:30ean, Gure Etxean.