Emakumeak lilasterkan

Eguraldi kaxkarrari aurre eginez, adin guztietako 89 emakume aritu ziren Altsasuko II. Lilasterketan

Igandeko eguraldi kaxkarrak etxean gozo-gozo gelditzera gonbidatzen zuen. Baina euriari eta hotzari aurre eginez, adin guztietako 89 emakumek erantzun zioten Altsasuko Emakumeen Bilguneak egindako gonbiteari: Altsasuko II. Lilasterkan parte hartzeari.

Eguerdiko 12:00etan eman zitzaion hasiera emakumeen lasterketa parte-hartzaile ez lehiakorrari. Emakume gehienek korrika osatu zuten 4 km inguruko ibilbidea, baina batzuk txirrindulan egin zuten bidea, eta patinetan baita ere. Izan ere, parte-hartzea zen kontua. Altsasuko karriketatik barna korrikan, bizikletan edo patinetan ibili ziren, peto morea gainean zutela. Proba bukatzerakoan merezitako gosariaz gozatzeko aukera izan zuten guztiek.

Altsasuko Udaleko Emakumeen Bilguneak eskerrak eman nahi dizkie Lilatoia aurrera ateratzeko lanean aritu ziren boluntario guztiei, bereziki Dantzaleku Sakana klubari, Dyari, Virginia Ruiz de Egino medikuari eta ekitaldia zabaltzen lagundu dieten guztiei. “Baina bereziki Altsasuko kaleak morez koloreztatu zuten emakumeak eskertu eta zoriondu nahi ditugu. Igandeko eguna egunerokotasun eta ohikoa bihurtzeko lanean jarraitzea da orain dagokiguna. Lilasterketa izan dadin lehen urratsa eta tranpolina, emakumeok proba mixtoetarako jauzia egin dezagun. Kaleak ere gureak dira” adierazi du Emakumeen Bilguneko teknikari Oihana Gallok.