Bidelagun elkartea handituz doa

Guaixe 2015ko mar. 19a, 08:42
Bidelagun elkartekoek Brumdarren forjaren interpretazioaren zentroa bisitatu zuten.

Abenduan turismo arloan lan egiten duten 17 eragile izatetik 33 izatera pasa dira hiru hilabetetan.

Sakanan dauden turismo eragileek ibarrean bertan dituzten baliabideak bertatik bertara ezagutzeko erronda egiten ari dira urte hasiera. Altsasuko Basoko Mari artisau gunearen ondoren, atzo Izurdiagako Brun, forjaren interpretazio zentroaren txanda izan zen. Bidelagun elkartean dauden landetxe, jatetxe, artisaugintza edota turismo aktiboko 35 bat ordezkari elkartu ziren Brumdarren zentroan.

Bidelagun elkarteko buru Alfonso Nuin Cartujok esan zigunez, bisita erronda horren asmoa da“ turismo eragileok Sakanak bisitariei eskaintzen dizkien esperientziak bertatik bertara ezagutzea, gero bisitariei aholkua eman ahal izateko”. Forjaren interpretazio zentroak “dudarik gabe, bisita merezi du” ziurtatu zigun: “gaur egun ez dago forjaririk, ez da ezagutzen. Gainera, Brundarrek zazpi belaunaldi daramate honetan”.

Nuinek jakinarazi digunez, aurki Arruazuko Albi gaztandegia eta Urdiaingo Errotain zalditegia bisitatzeko asmoa dute. Landetxeei dagokienez, zubi honetarako eta Aste Santurako aurreikuspenak onak direla aurreratu zigun.  

Kepa Junkera
Eduardo Brun-ek azaldu digunez, urtero pertsonaia ospetsu bat gonbidatzen dute forjara, omentzeko. Barricadako Alfredo Piedrafita eta Jon Maia bertsolariak izan dira aurretik. Aurten Kepa Junkerak bisitatu ditu. Euskal musikan egindako ibilbideagatik omendu zuten. Junkerak Brundarrek egindako trikiti baten irudi txikia jaso zuen oroigarri gisa. Musikariak forjarien eta trikitixaren hauspoaren arteko parekotasuna egin zuen. Eta forjariek ingude gainean borrekin lan egiten zutela, Junkerarekin batera, Aldapeko pieza jo zuten.

Forjarien eta Junkeraren bideoa: