Altsasu duatleten topaleku

Guaixe 2015ko mar. 20a, 15:44

VI. Altsasuko Duatloia jokatuko da bihar Altsasun. Goizeko 10:30ean Nafar Kirol Jolasen Duatloi probaren txanda izango da, eta 16:00tan nagusien proba jokatuko da

Duatloi denboraldia hasi berria da eta larunbatean gurera helduko da. Duatloiaren ikuskizun paregabeaz gozatzeko aukera bikaina eskainiko du bihar, larunbatean, Altsasuk. Sakana Triatloi Taldeak hainbat entitate eta babesleen laguntzarekin antolatutako VI. Altsasuko duatloia jokatuko baita. Goizean, 10:30ean, kategoria txikikoak ariko dira lehian, Nafar Kirol Jokoetarako (NKJ) baliagarria den proban, eta arratsaldean, 16:00etan, proba nagusia jokatuko da. Altsasuko duatloia Nafarroako eta Euskal Herriko Zirkuituetarako puntuagarria da.

10:30ean kategoria txikikoak, Txiokan
Kategoria txikikoak Txioka haur ikastolaren inguruetan prestatutako zirkuituan lehiatuko dira. Aurrebenjaminak 10:30ean hasiko dira (250 m korrikan, 1 km bizikletan eta 125 m korrikan), benjaminak 10:50ean (500 m korrikan, 2 km bizikletan eta 250 m korrikan), kimuak 11:10ean (1 km korrikan, 4 km bizikletan eta 500 m korrikan) eta haurrak 12:00etan (2 km korrikan, 8 km bizikletan eta 1 km korrikan). Juniorrek eta kadeteek helduen proban parte hartuko dute, arratsaldean.

16:00etan helduak: 5 km-22 km-2,5 km
VI. Altsasuko Duatloia arratsaldeko 16:00tan abiatuko da Foruen Plazatik. 16:00etan emakumeak abiatuko dira eta 16:15ean gizonezkoak. Ibilbidea aurreko urteko berbera izango da. Altsasuko herri gunean prestatutako 2,5 km-ko zirkuituari bi bira eman beharko diote korrika duatletek, segidan Iortia Kultur Gunearen aurrean dauden boxetan, trantsizio gunean, bizikleta hartu eta 22 km-ko distantzia osatzeko. Hasieran Olaztirano joko dute duatletek, Urbasako portua igotzen hasi, eta Altamirako bidegurutzean beherako bidea hartuko dute, Altamira jaitsiz. Altsasu zeharkatuta NA-1000 errepidean aurrera egingo dute, Zegama Ortzaurteko bidegurutzeraino. Bertan buelta osoa hartuko dute, Altsasuko boxetara joan arte. Bertan bizikleta utzi eta, bukatzeko, 2,5 km-ko zirkuituari bira bat eman beharko diote korrika, Foruen plazako helmugara iristeko. Helmugan edari eta janari hornidura izango da.

Aurreko urtean 185 duatleta aritu ziren proba nagusian eta Beñat Arnaiz (1:05:40) eta Maria Mendive (1:18:29) izan ziren azkarrenak. 15 sakandar inguru aritu ziren eta Igor Flores izan zen azkarrena, helmugan 16.a (1:08:57). Kategoria txikietan, aldiz, 135 duatleta lehiatu ziren. Atzo despeditzen zen izena emateko epea. Guaixeko erredakzioa ixterakoan Nafar Kirol Jolasetan 102 duatleta eta helduen proban 90 duatleta zeuden izena emanda.

Sariak
Lehen gizonezko eta emakumezkoak: 200 euro + garaikurra
Bigarren gizonezko eta emakumezkoak: 125 euro + garaikurra
Hirugarren gizonezko eta emakumezkoak: 75 euro + garaikurra
Lehen kadeteak, lehen juniorrak, lehen 23 urtez azpikoak, lehen beteranoak eta lehen sakandarrek (gizonak eta emakumeak) trofeoa jasoko dute. Talde onenak saria jasoko du.

www.navarratriatlon.com
Izena ematea eta probaren informazio guztia. Informazio gehiago www.sakanatri.com web gunean.