Herri galdeketako galderaren bila

Guaixe 2015ko mar. 20a, 10:42

Domekan, 18:00etan Altsasuko Burunda pilotalekuan batzarra eginen da, 29ko herri galdeketako galdera zehaztuko da bertan.

Altsasuko Festen Batzordeak altsasuarrak batzarrera deitu ditu etziko. Zortzi urtean behin gertatzen denez, aurten Altsasuko festak domekatik ostegunera (irailaren 13tik 17ra) izanen dira. Festen egitaraua antolatzeaz arduratzen den batzordeak aste bukaera hartzeko data aldaketa eskatu zion udalari. Udalbatzak festak noiz hasi herri galdeketa lotesle bidez erabakitzea onartu zuen. Martxoaren 29an izanen da kontsula. Altsasuarrei eginen zaien galdera domekako batzarrean zehaztuko da. Horregatik, etziko batzarrean parte hartzera deitu dituzte altsasuarrak.

Batzarrak bi zati izanen ditu. Aurrenekoan eragileek data aldatu edo mantentzearen aldeko argudioak emanen dituzte. Horiek guztiak entzun eta gero galdera zehazteko garaia izanen da. Proposamenen artean egokiena erabaki eta udalari jakinaraziko zaio.

Aldeko jarrera
Festa Batzordeak data aldaketa “ezinbestekotzat” jotzen du. Festak asteburuan hartzea nahi du. Batzordekideek diotenez,“herritik herriarendako festetan sinesten dugunez, zaila litzateke soilik astez diren festak antolatzea”. Aukera horrek adin tarte guztien parte hartzea murriztea eta arrakasta txikitzea ekarriko lukeela argudiatu dute; “ikastetxeek egutegia osatzeko, jai egun horiek guztiak nekez hartuko lituzkete. Eta Altsasutik kanpo lan edo ikasten duten biztanleek festez gozatzeko aukera gutxiago lituzkete”.

Antolakuntza aldetik dauden arazoak ere nabarmendu dituzte batzordekideek: “egitaraua osatzeko zailtasunak izanen  genituzke, iraila erdialdean astez guregana etor daitezkeenak gutxi baitira. Horrek programazioa pobretzea ekarriko luke”. Aldi berean, “azken urteetan egitarauan garrantzia handia hartu dute herriko talde eta elkarteek, aldaketarik ezean zailtasun handiak izanen lituzkete astegunetan euren lana eskaintzeko”.

Data aldaketaren alde agertu dira
Haize Berriak banda, gaztetxea, Zubi-ondo elkartea, Peñak, Burunda txirrindulari taldea, Trasteando, Zubi-ondo abesbatza, EHBildu, Geroa Bai, IU, PSN eta UPN.