Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren eta Altsasuren arteko elkartrukea

Guaixe 2015ko mar. 23a, 10:59

Bihartik larunbatera izanen da, musika eragileen arteko hartu-eman ugariak.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak Altsasura Trotamundosn programa ekarriko du. Orkestrako gerente Joaquin Romerok aurkezpenean esan zuenez, “ideia ez da guk erakustea, elkar trukatzea baizik. Gure ohiko errepertorioa ekarriko dugu, baina eskualdeko tokiko errepertorioa ikastera, bustitzera, bagatoz ere. Altsasuko errepertorioa orkestrarako moldatu dugu”.

Elkar trukea, beraz, Romerok nabarmendu nahi izan duenez, “guretako garrantzitsua da, beste esperientzia batzuk jasotzera heldu gara. Musika denak gara. Denok egiten dugu. Ez dago bat bestea baino garrantzitsuagoa den musikarik. Musika kultur adierazpena da. Zenbat eta aberatsagoa izan orduan eta aberatsagoa izanen da gizartea. Eskaintzera eta hartzera heldu gara.


Bost egun Altsasun
Romerok argitu duenez, “gozamen soziala hobetzeko egindako programa da Trotamundosn. Kultur ehuna eta bizitza sortzeko helburua du”. Hori nola gauzatuko duten azaldu digu orkestrako programen koordinatzaile Ione Arronizek: “Alde batetik, musika eskolako ikasleekin topaketak izanen dira. Orkestrako musika bakarlariak etorriko dira. Musika tresna bakoitzeko ikasleekin saioak eginen dituzte orkestrako kideek”.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak kontzertutara joan ezin daitezkeen pertsona taldeei musika gerturatu nahi die. Horregatik, “gu haien etxeetara gerturatuko gara. Aita Barandiaran adinduen egoitzara eta Josefina Arregi klinikara biolontxelo hiruko batekin joanen gara”. Horrekin batera, jubilatu elkartearen egoitzan kamara kontzertua eskainiko dute orkestrako kideek: “zarzuelen aukeraketa bat izanen da”, zehaztu du Arronizek.

Koordinatzaileak azaldu digunez, Altsasuko hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleekin ariko dira orkestrako musikariak ere. “Ana Hernandez musika-pedagogoak osatutako gidoia garatuko dute”. Egonaldia orkestrak Altsasuko musika eragile guztiez lagunduta emanen duen kontzertuarekin despedituko da. Larunbateko emanaldirako sarrera guztiak dagoeneko agortuak daude.


Egitaraua
Martxoak 24, asteartea
17:00etan NOSeko bakarlariekin topaketak. Altsasuko Udal Musika Eskola.

Martxoak 25, asteazkena
16:00etan Txelo hirukotearen kontzertua, Josefina Arregi klinikan.
18:00etan Txelo hirukotearen kontzertua, Aita Barandiaran adinduen egoitzan.  

Egitaraua
G. Tartini             Adagio Cantabile
L.V Beethoven         Trio Op. 87   
W. Lutoslawsky        Gaik
M. Jarre             Dr. Zhivagoko Lararen pieza
S. Myers             The Deerhunterko Cavatina
D. Stubbs             Jazz Tchaikovsky
G. Kahn y W. Donaldson     Making Whoopee

Maiatzak 26, osteguna
10:00etan Kameran zehar, Sagrado Corazon ikastetxean.
11:30ean Kameran zehar, Zelandi ikastetxe publikoan.


Egitaraua
J.Guridi         Erronda kanta
L.Boccherini         Minueto
J. Brahms        Hungariar dantza 5. zbkia
J. Strauss        Vienako basoen baltsa
I. Albéniz        Tango, Op. 165, nº 2   
A. Piazzola        Libertango
W.A. Mozart        Alla turca (K. 331 sonatakoa)
S. Joplin        Paragon Rag
P. Tchaikovsky    Intxaur-hauskailuko txinatar dantza
Aurkezle-pedagogoa: Ana Hernández.


19:00etan Zarzuela aukeraketa kontzertua, La Unión jubilatu eta pentsiodunen elkartean.

Egitaraua
G. Gimenez         La Torre del Oro. Preludioa
F. Moreno Torroba      La Chulapona. Hautaketa
F. Chueca y J. Valverde    El año pasado por agua. Hautaketa
Zuzendaria: Joseba Torre


Martxoak 27, ostirala
10:00etan Kamaran zehar, Iñigo Aritza ikastola. Gainerako ikastetxeen egitarau bera.


Martxoak 28, larunbata
20:00etan Trotamundosn, kontzertu parte-hartzailea. Iortia kultur gunean.

Egitaraua    
G.Bizet     Carmen Suite nº1
G. Verdi    Rigoletto, Caro Nome. Bakarlaria: Sofia Esparza.
G. Bizet    Carmen, Je dis que rien ne m’épouvante. Bakarlaria: Maria Aiestaran.
C. Gounod      Romeo eta Julieta, Je veux vivre. Bakarlaria: Maria Lakuntza.
L. Aramburu   Hartzaren Ehiza, orkestra eta txistu bandarako.
E. Zelaia         Bariaziodun baltsa, orkestra eta akordeoirako.
F.A. Barbieri  Orkestra eta bandarako sinfonia
W.A. Mozart  Ave Verum, abesbatzaekin.  
G. Verdi         Nabucco, Va pensiero, esklaboen korua, abesbatzarekin.
        
Zuzendaria: Joseba Torre
Musikariak: Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Enrike Zelaia akordeoilaria, Altsasuko Dantza Eskola, Burundar Txistulariak, Haize Berriak banda eta Erkudengo Ama abesbatza.



Trotamundosn programaz
Nafarroako Orkestra Sinfonikoak OSN Social egitarau zabala martxan jarri zuen joan den urtean. “Musika gure bizitzetan oso garrantzitsua da. Gizarteak garatzeko tresna boteretsua da. Gozatzeko bitartekoa da musika. Eta gozamenak ongizatea hobetzen digu. Hezkuntzako tresna indartsua ere bada musika. Aldi berean, gizarteratzeko, elkartrukerako bitarteko bat ere bada musika. Hizkuntza unibertsala da. Musika tresna eta topa-gune gisa zabaldu nahi dugu”. Oinarri hori du OSN Social, Romerok kontatu duenez.

Arronizek azaldu digunez, “orkestrak areto handietan kontzertu handiak ematen segitzen du, baina joan den urtetik gure jarduna zabaldu eta hurbiltzeko konpromiso bat daukagu. Denen arteko kultur truke bat egon dadin. Gure kasuan musika truke bat da, musika zabaltzeko eta denok disfrutatzeko”.

Hainbat programek osatzen dute OSN Social eta haien helburua orkestraren jarduna Iruñetik deszentralizatzea eta Nafarroara zabaltzea eta hurbiltzea da. Romeroren esanetan, “Gozamen soziala hobetzeko egindako programa da Trotamundosn”. Joan den urtean Lizarran abiarazi zuten programa. Pratrimonios programaren bidez obrak berreskuratzen dute. Museoekin eta Iruñeko Planetarioarekin Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako programa ere badu orkestrak.

Aurkezpenean Garazi Urrestarazu Zubizarreta alkateak “musika aukera eskaintzeagatik” orkestra herritara hurbiltzeko ahalegina eskertu zuen. Baita Altsasu Trotamundosn programako egoitza gisa aukeratua izatea ere.