Plateako bost ikuskizun Altsasun

Guaixe 2015ko api. 1a, 10:29

Bigarren urtez jarraian Altsasu Platea programaren dago. Programaren ikuskizun eskaintza zabala aukeratzerakoan, Altsasuko Udaleko Kultura Saila “kalitate nabarmena duten eta sarituak izan diren ikuskizunen alde egin” du. Antzerkia da hautaketan nagusi. Baina, Plateako emanaldiak dantza ikuskizun batekin hasiko dira Altsasun: apirilaren 11n, Aukeran dantza taldearen Geltokia ikuskizunarekin hain zuzen ere.

Lastailaren 24an, Miriam Díaz-Aroca eta Belinda Washington aktore ezagunak Altsasun Insatisfechas antzezlana eskainiko dute. Marcel Grosek hurrengo egunean familia guztiarendako antzezlana emanen du La gran a… ventura. Azaroaren 14rako iragarri da The Funamviolistas taldearen izen bereko antzerki musikala. Eta Plateako programazioa Iru teatroren El pequeño verne familiarteko antzerkiak osatuko du, azaroaren 8an.

Platea
Herrietako kultur egoitzetan “ikuskizunen zirkulazioa berraktibatzeko” asmoz sortu dute programa Instituto Nacional de las Artes Escénicas y de la Música (INAEM) eta Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioak. Aurtengo deialdian aldaketak izan dira eta hainbat muga jarri dituzte Plateako arduradunek, horregatik, Altsasuko Udalak kontratatutako ikuskizun kopurua jaitsi egin da.

Programa horren bidez udalek 400 konpainiako katalogo batean aukera dezakete. Sarreraren arabera konpainiek euren katxe osoa edo zati bat kobratzen dute, gainontzekoa udalak edo Espainiako Gobernuak estaltzen du. Joan den urtean Platearen bidez Altsasun zazpi ikuskizun izan ziren, 1.254 ikusle izan zituztenak. Haiek kontratatzea 45.921 euro balio zuen, baina Platearen bidez udalak 16.145 euro ordaindu zituen, 27.227 aurreztuz.