Hiru Mendi Zerrak, ate joka

Guaixe 2015ko api. 10a, 12:18

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako mendi ibilbide luzea apirilaren 11n izanen da, larunbatarekin, goizeko 7:00etan abiatuta. Bi ibilbide egiteko aukera dago eta oraindik izena eman daiteke

Altsasuko Mendigoizaleak taldeak apirilaren 11rako Hiru Mendi Zerrak mendi ibilaldia prestatu du. Ibilbide luzeko ibilaldi ez lehiakorra da, Euskal Herriko mendi ibilbide luzeen zirkuituan sartua dagoena. Aurten ez da Nafarroako Zirkuituan sartua egongo, egun horretan ere Ameskoetan mendi ibilbidea dagoelako.

Hiru Mendizerra ibilbidea proba ez lehiakorra da. Helburua mendizaletasuna piztea eta Altsasu ingurua ezagutaraztea da. Ibilbideak Altsasu inguruko bazter eder eta anitzak ezagutzeko parada eskaintzen du: Urbasako malkorrak, Bargagaingo Sakanako panoramika ederra, Altzaniako pagadiak, Balankalekuko ikuspegi politak, Aralarko trikuharriak eta Sarabe eta San Pedroko paisaia ederrak. Aurreko urtean 700 mendizale pasatxok osatu zuten ibilbidea eta aurten parte-hartze polita espero da.

Bi ibilbide, 48 km eta 26 km
Mendizaleek bi ibilbideren artean hautatzeko aukera izanen dute: ibilbide handia, 48 km-koa eta 2.700 metrotako desnibel metatua duena; eta ibilbide txikia, 26 kilometrokoa eta 1.200 metrotako desnibelekoa. Ibilbide laburrak gutxi gorabehera 7-8 orduko lana eskatzen du eta martxa handiaren estimazioa 11 ordutik gorakoa da.

Bi ibilbideak Altsasuko Gure Etxean hasiko dira, 7:00etan. Mendizale guztiek Urdiainera joko dute. Urdiaindik Urbasa-Andiara igoko dira, Portuazpitik, eta aipatu parke naturala zeharkatuko dute, Bargagain eta Gainsolera helduz. Bertatik Ziordia herriraino jaitsiko dira. Ibilbide motza aukeratzen dutenak partzelarietatik barna Altsasura ailegatuko dira, eta, aldiz, ibilbide luzea hautatzen dutenak Kipular igoko dute, gero Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren, Sorozarreta jaitsi eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igoko dituzte. Handik jaitsiko dira, Sarabetik, eta San Pedrotik eta Basoitxitik barna Altsasuko Gure Etxera helduko dira.

Hornidura ederra eta zerbitzu guztiak
Ibilbide guztia ongi markatuta egonen da. 5 kontrol eta jaki eta edari hornidura gune izango dira: Gure Etxean, Urbasan, Ziordia herrian, Sorozarretan eta Saraben. Horretaz gain, ur hornidura egongo da beste hainbat tokitan. Zer jan eta zer edan ez da faltako; famatuak egin dira antolatzaileek eskainitako hamaiketakoak. Ibilbide hauek ez dira lehiatzekoak, eta hortaz, antolakuntzak ez du sailkapen ofizialik banatuko, baina mendizaleek nahi izanez gero kontroletan hartutako denbora erreferentziak jasotzeko aukera izango dute.
Guztia prestatzeko Altsasuko Mendigoizaleak klubeko kideak eta boluntarioak ariko dira lanean. Antolatzaileek ibilbidea antolatu ahal izateko euren laguntza eman duten babesle eta laguntzaileei eskerrak eman nahi dizkiete.

Izena ematea: aurretik eta bezperan
Aurretik, www.altsasukomendigoizaleak.com web gunean egin behar da (13 euro). Bestela, bezperan, apirilaren 10ean, Gure Etxean, 19:00etatik 21:00etara (16 euro). Probaren egunean bertan ez da inskripziorik eginen.