Maletak geltokian dantzan

Guaixe 2015ko api. 8a, 10:08

Larunbatean, 22:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Maleta batean sar daitezke denboraren joana, bakardadea, harremanak, joandakoak, geratu direnak… Ugariak dira maletak geltokian. Anitzak, beraz, haien edukiak, zama. Aukeran dantza taldea Miren Agur Meabe idazleari maleten inguruko idatziren bat sortzeko eskatu zion. Dantzariek poema eta testu sorta jaso zituzten bueltan. Haietan oinarrituta sortu dute Geltokia ikuskizuna. Obran maletak, “norbanakoaren eta norberaren probabilitateak biltzen dituen metafora, kohesio-elementua dira guztiondako” dira.

Bizitza tren bidaiarekin alderatzen dute ikuskizunean eta lau zatitan banatzen dute: haurtzaroa, nerabezaroa, heldutasuna eta zahartzaroa. Bizitzaren bidaian geltokiak daude. Eta bakoitzean mota askotako maletaren bat dugu aldean: denbora eta espazioa, gaua eta eguna, maitasuna eta galerak, maleta higatuak, bakardadearen pisu astuna...

Aukeran dantza taldearen aurreko proiektuekin alderatuta, obra berriak kideei antzezpen gehiago eskatzen die, dantzari bakoitzak pertsonaia baten papera jokatzen baitu. Guztia Xabier Zeberiok propio sortutako musikaz lagunduta. Aukeran konpainia euskal dantza tradizionaletik abiatuta, bide berriak irekitzen segitzen du.



Fitxa Artistikoa
Zuzendaritza: Edu Muruamendiaraz
Eszena Zuzendaritza: Enrique Santiago
Gidoia: Miren Agur Meabe
Jatorrrizko musika: Xabier Zeberio
Argiztapen diseinua: Carlos Solano
Zugendari laguntzailea Eli alberdi
Koreografiak: Edu Muruamendiaraz eta Aukeran DK
Dantza garaikide aholkularitza: Eneko Alkaraz
Dantzariak: Amaia Basilio, Garazi Egiguren, Ander Errasti, Ioritz Galarraga, Ione Iriarte, Axier Iriarte, Ekain Kazabon, Uxue Urruzola, Itziar Uzkudun.
Jantziak: Oscar Armendáriz
Soinua: Kandi Fernández
Argazkiak: Kali G.
Bideo muntaia: Carlos Solano
Ekoizpen exekutiboa: Aukeran DK
Ekoizpen laguntzailea: Jaione Jauregi