Liburu Astea Altsasun

Guaixe 2015ko api. 20a, 08:33

Gaur Manolita Thundersek (Amai taldea) Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako poesia tailerra eskainiko du. Haurrek hitzekin jolastu eta eskulanak eginen dituzte 17:30etik aurrera liburutegian. Aurretik izena eman beharra dago. Etzi, asteazkenean, Castillo Suarezek haur literaturako bere azken lana aurkeztuko du: Agur, Agur! Idazleak aldamenean Morkots ilustratzailea izanen du aurkezpenean, 19:00etan hasita Iortia kultur gunean.

Ostegunean liburua aurkeztuko duena jatorri altsasuarra duen Fermin Goñi de Miguel da. 19:00etatik aurrera Iortia kultur gunean Todo llevará su nombre liburuaz hizketatuko da egilea. Nobela hunkigarri horretan Goñik Simon Bolivar libertadorearen azken bi asteen berri ematen du. Liburuaren asteak ostiralean haurrendako ipuinen unearekin izanen du segida, ohi bezala, 19:00etan Iortia kultur gunean.

Egitaraua Intxostiapunta gazte gunean despedituko da larunbatean, komikia bihurtuz jarduerarekin. Gazteek komiki bateko biñeta askeak irakurriko dituzte eta pertsonaiak antzeztu beharko dituzte.