Txistulariek eta haien lagunen kontzertua

Guaixe 2015ko api. 17a, 12:15

Larunbatean, 20:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean 20 txistulari, metal boskotea, abeslariak baxua eta dantzariak ariko dira 

Burundar Txistulariek joan den urtean estreinakoz kontzertua eskaini zuten eta primerakoa izan zenez, hura bukatu bezain laster emanaldi berria prestatzen hasi ziren. Juan Pablo Urizarrek esan digunez, “txistua kalean ongi errotua dago, festetan, kalejiretan. Emanaldi hauekin txistuaren beste kontzeptu bat eman nahi dugu. Areto itxian, kontzertu baterako ere balio duela txistuak”. Eta gaineratu du: “txistua beste musika tresnekin uztartuz sortzen diren akonpainamendu atseginekin gozatzeko gonbitea da”. 

Burundar Txistulariak hamabost bat dira. Eta joan den urtean bezala haiekin batera Araba, Burlata eta Iruñeko txistulariak ere izanen dira. 20 bat guztira, txistuen bi ahots ea silbotearekin banatuta. Baina ez da dena txistua izanen. Txistulari alardeetan egiten den moduan, txistuak bere protagonismoa beste instrumentu batzuekin partekatuko du. Hala, Josu Aiestaran, Konstan Gonzalez, Asier Palacios, Sergio Gastaminza eta Jesus Irisarrik osatutako metal boskotea aldamenean izanen dute (bi tronpeta, tronboia, bonbardinoa eta tuba). Javier del Rio baxuarekin ariko da. Kantuan, berriz, Itziar eta Erkuden Flores ahizpak. Guztien doinura dantzan ariko dira Etorkizuna dantza taldeko lauzpabost dantzari. 

Obra mustu

Egitaraua osatzerakoan joan den urtean arrakasta izan zuen formularen alde egin dute du atzera ere Burundar Txistulariak: Erdi Arotik gaur egunera arteko piezak jasotzen duen programa prestatu dute biharko. Musikaren historian barreneko errepaso azkar horretan txistua swing edota ska doinuak jotzen entzuteko aukera izanen da. Ez hori bakarrik. Burundar Txistulariak taldeko kide Carlos Sanchezen Burundarrak kalejira ere mustuko dute. “Pieza mugitua, entzun erraza”, Urizarrek aurreratu digunez.

Txistulariak & friends, eta lagunak, izenburua eman diote kontzertuari. Urizarrek esanetan: “musikariak lagunak gara eta ongi pasatzera joanen den publikoa ere laguna da. Horregatik, friends hori”. Azken urtean lagunak nor bere alde egon dira entseatzen. Igandean guztiak elkarrekin aurreneko kontzertua egin zuten eta larunbatean bertan azken doikuntzak eginen dituzte.

“Musika eskoletako eta herrietako ikasleek beste instrumentu eta jendearekin txistuak aukerak dituela ikus dezakete” 

Egitaraua

Obra                                    Egilea                                                Moldaketa

Pavane                       Tielman Susatonem, 1555       Karlos Sanchez

Terpsichone                Michel Praetorivs, 1612            Karlos Sanchez

Mendiko soinua           Jesus Guridi

Tolosa                        Leandro Zabala                        Txomin Agirregomezkorta

Zortziko                      Candido Albistur

Txapela buruan           Karlos Sanchez Ekiza

Ibai Ona                     Joaquin Iruretagoiena

Otxandio                    Antolin Mendizabal                   JM Bastida

Baldorba                    Benito Lertxundi                       Ismael Yague

Eperrak                      Niko Etxart                              Karlos Sanchez Ekiza

Otxoal                        Migel de Oñate

Momotxorroen dantza  Herrikoia                                 Karlos Sanchez

Burundarrak                Karlos Sanchez Ekiza