"Agrodenda berriarekin zerbitzu hobea eman nahi dugu"

Alfredo Alvaro eta Maider Betelu 2015ko api. 24a, 08:07

Gorka, Jone eta Iñaki, Unamuno Pentsuak agrodenda

1.Unamuno pentsuak enpresak agrodenda zabaldu du. Larunbatean ate irekiak izan zenituzten. Zer moduz?
Primeran joan zen dena. Jendea denda berria ikustera etorri zen, eguraldia ona zegoen… oso gustura. Hilabete eta erdi inguru darama agrodenda berriak zabalik, baina larunbatean aurkezpen modukoa egin genuen.  

2.Unamuno enpresak historia handia du. Aitonarekin hasi zen dena, ezta?
Bai, enpresa aitona Epifaniok jarri zuen martxan. Altsasura bizitzera etorri zen aurreko mendeko 50. hamarkadan. Aitona kamioi txiki batekin zerealak erosten hasi zen, gero saltzeko, eta horretaz aparte garraioak egiten hasi zen. Hurrengo pausua izan zen Altsasuko pilotaleku parean dagoen bajera batean errota txiki bat jartzea. Porteak egiteaz aparte, pentsuak egiten hasi zen. Hurrengo pausua enpresa Olaztiko biltegi batera pasatzea izan zen. Han semeak gehitu ziren negoziora, 70.-80. hamarkadatan, eta hurrengo eboluzioa Altsasuko Ondarria industrialdera pasatzea izan zen, egun gauden tokira. 1988. urtean egin zen lehenengo pabiloia, eta bospasei urte beranduago bigarrena. Horrela, zerbitzua hobetzen hasi zen: gu gure pentsua egiten hasi ginen, ez bakarrik beste etxeetakoa saltzen. Eta hurrengo pausua izan zen dendatxoa zabaltzea. Gero ilobak sartu ginen lanean. Ikusirik dendan gauza dezente saltzen zirela, azkeneko pausua eman dugu: orain mustu berri dugun Unamuno agrodenda zabaltzea.

3.Urte luze hauetan pentsuetan eboluzio handia emango zen, ez?
Lehen errota txiki batean aitona zebilen bertako garia, garagarra, oloa eta babak nahasten eta listo. Ordutik eboluzioa ikaragarria izan da. Produktu berriak sortu dira, eta batez ere granuladora jarri genuenean, pentsua pellet-etan ateratzeko. Izan ere, askoz ere digestibitate gehiago dauka pentsuak pellet moduan.  

Egun denetariko pentsuak ditugu, animalia guztiendako. Azkeneko pentsuak karakolendako egin ditugu, pentsa. Ardiendako eta behiendako pentsua saltzen da gehien, baina edozein animaliendako pentsua dugu, maskotendako ere. Ildo honetan, duela urte eta erdi pentsuen inguruan pausu garrantzitsu bat ematea erabaki genuen: gure produktu guztiak transgenikorik gabe ekoiztea. Guk beti kalitatearen aldeko apustua egiten dugu; hori da Unamuno markaren baitan dagoen gauza bat. Eta ikusten genuen derrigorrez transgenikoak erabiltzeari uko egin behar geniola, kalitatea eta elikadura segurtasuna mantentzeko. Badugu transgenikoak ez erabiltzeko aukera: gu horrekin seguruago gaude eta gure bezeroak ere bai.

4.Zergatik zabaldu duzue agrodenda berria?
Aurreko denda oso txikia geratu zitzaigun. Denda berrian espazio zabala dago produktu guztiak ongi erakusteko eta zerbitzu hobeagoa eman nahi izan dugu. Horregatik hainbat produktu berri sartu ditugu, lehen saltzen ez genituenak. Zerbitzu osoa eman nahi dugu.

5.Dendari begiratua ematen, animaliendako pentsuak, jantokiak eta beste dituzue.
Gero eta gehiago saltzen dira txakurrendako eta katuendako pentsuak, eta horiek baditugu. Baita animaliendako kaiolak, jantokiak, ura edatekoak, animaliendako kateak, lepokoak eta behar duten guztia.

6.Eta baita burdindegi sekzio bat eta baratzea jartzeko behar den guztia, haziak eta tresneria barne.
Bai, lehendik itxiturak saltzen genituen eta baita erremintak ere, baina burdindegiaren alorra gehiago zabaldu dugu eta baratzerako erremintak eta makineria gehitu dugu. Errotabatorea, desbrozadora, belarra mozteko makinak, motozerrak… baita ureztatzeko behar den guztia: mangerak, sulfatatzaileak, ureztatzeko ekipoak… Honi lotuta, baratzean landatzeko haziak, produktu fitosanitarioak eta zoosanitarioak ditugu eta baratzean landatzeko landareak saltzen hasi gara, baita balkoietan eta etxeetan jartzeko ornamentuzko landareak ere, loreontziekin batera. Lorategietan jartzeko mahaiak, aulkiak eta beste ere baditugu. Baratzen loraldia dagoen honetan, aspaldi genbiltzan sekzio hau jarri nahian eta uste dugu etorkizun handia izango duela.  

7.Nobedade moduan produktu freskoak eta kontserbak salgai jarri dituzue. Eguneroko erosketa hemen ere egin daiteke.
Gure pentsu erosleei euren produktuak gurean saltzeko tokia eskaini nahi izan diegu. Jakina, kalitatezko etxeko produktuak dira, ez industrialak, bertakoak. Kontserbak, ardoa, lekaleak eta ekoizle ezberdinen Idiazabal gazta saltzeko gunea jarri dugu. Horrekin batera arraultzak, urrak, intxaurrak, olioa… denetarik. Gertu dauden ekoizleen produktuak dira, euren lana indartzeko. Horrekin batera etxeko tresneria dugu: labanak, eltzeak, lapikoak, zartaginak, suak, tomatea eta beste enbotatzeko behar den tresneria…

8.Beste berrikuntza bat, arroparena.
Sekzio berri bat jarri dugu, lan arropa eta oinetakoak, Dickies etxekoak. Kalitatezko arropa da, jendeak lan egiteko arropa ona eskatzen zuelako.

9. Pellet-a ere eskaintzen duzue.
Azken urte hauetan erregai hau asko indartzen ari da. Kalitate handiko pellet-aren alde egin dugu apustua, hor ere denetarik badagoelako.

10.Denetatik duzue. Pentsatzekoa da eskaintzak publiko gehiago erakarriko duela.
Bai, hori da nahi duguna. Gure denda ez da soilik ganaduzaleendako eta nekazariendako, mundu horretatik kanpoko jendearendako baita ere. Horregatik zabaldu ditugu sekzio gehiago: arroparena, ortuena, jakiak… hona etortzen ez zen jende gehiagori aukera emateko. Goizez 8:00etatik 14:00etara dago zabalik denda, eta arratsaldez 16:00etatik 19:00etara. Larunbatetan, aldiz, 9:00etatik 14:00etara.

11. Dendak etorkizun handia izan dezala. Ilobek konta ditzatela zuenak!
Hori espero dugu, urtetan jarrai dezala. Gu bisitatzera gonbidatzen zaituztegu.