Kabareteko istorio bat

Guaixe 2015ko api. 24a, 12:23

Larunbatean, 19:30ean eta 22:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasuko Iortiako antzerki tailerrak No antzezlana aurkeztuko du bihar. Kabarat batean kokatutako antzezlana sortu dute ilbeltzetik hona Iortiako antzerki tailerreko kideek. Hala ere, pertsonaiak lastailetik sortzen aritu dira, Birjinia Albiraren esanetara.


Zein da zein
Amelia: Kabareteko izan izandakoak, kabaret propioa eta langileak ditu. Oso emakume
zorrotza, berekoia. Ia-ia dena berdin zaio.

Marta: Adinagatik kabareteko bigarrena da. Ameliarekin aspalditik darama lanean. Bizitzan asko sufritutakoa da. Amelia ez bezala, lankideak zaintzen saiatzen da. Ona eta hurbila da.

Erkuden: Neska gazte-gaztea da, korista. Iritsi berria. Bizitzak kabaretera eraman du eta oso gustura dago. Dena ongi ateratzen saiatzen da. Pozik bizi da, aurretik kalean bizi zelako. Buru argia, nahi duena badaki.

Claudia: Erkudenekin parera doaz. Gaztea da. Kaletik heldu da, baina bere bizitza Erkudena baino gogorragoa izan da. Pixka bat serioagoa eta zentzudunagoa da. Erkudenekin beti borroka, biak ere euren tokia bilatzen ari baitira. Cabaretean duen erreferentzia beti lehena da. Baina arazoak ongi konpontzeko besteekin elkartzen da.

Santi: Kabareteko izarra desagertzean ziurrenik bera izanen da izar berria. Oso alaia da. Naturala. Gaztea. Bere ingurua kontrolatzen du eta dirudiena baino azkarragoa da. Ez erortzeko zer egin behar duen badaki.

Nahikari: Super-izarra. Bere bizitzan ez du gehiegi sufritu, baina ez zuen behar zuen amodioa jaso haurtzaroan. Soilik lana inporta zaiola dirudi. Beti Ameliaren pean dago. Antzezlanean sortzen den gatazka bere inguruan gertatzen da.

Eder: Kabareteko langilea, eguneroko lana egiten duena da. Bere familia du, baina dirua behar zuenez haiek utzi eta lanera alde egin behar izan du. Haiendako behar du dirua. Bihotz onekoa.

Juli: Nahi gabe iristen da kabaretera. Ez da piano-jolea, baina jotzen du. Ezbehar bategatik Kabareteko piano parean bukatzen du. Nahi gabe eta aurrera egin behar du. Aspaldi jo gabea da.

Elur: Hiriko alkatearen emaztea da. Amodiorik gabeko ezkontzan bakoitzak nahi duena egiteko. Kabaretean ikusitako zerbait beretako nahi du. Eta boterea duenez, xantaia egitea ez du baztertuko. Gaztetan Ameliaren lagun mina zen.

Zapa: Perkusioa jotzen duen gizona. Ez du ia hitz egiten, baina dena kontrolatzen du.


Lan prozesua
Lastailean antzerki teknikak ikasten hasi ziren. Birjinia Albira tailerreko gidariak azaldu digunez, “partaideek behar dutena ikusten lan egiten saiatzen naiz. Abiapuntua bakoitzarekin zein lan egin nahi dudan da”. Hala, aktoreetako batzuk ezagutzen zituen eta aldez aurretik haiekin zer landu nahi zuen pentsatu zuen. “Ideia txiki batekin etorri nintzen eta horrekin hasi ginen lanean. Beraiek pertsonaiak sortzen hasi ziren. Gero pertsonaiak elkarren artean harremanetan jartzen hasi ziren”. Albirak antzezleen lana bideratzen aritzen da.

Pertsonaia sortzerakoan batzutan fisikotik hasita barrura sartzen dira, edo alderantzi. Beste batzuetan aktoreek landu nahi dutena azaltzen dute. “Oinarrizko pertsonaia gero hori poliki-poliki jantzi eginen dugu. Bagoaz egoerak sortzen, egokiak eta desegokiak diren erantzunak… gure buruari, gure pertsonaiari etengabe galdezka ari gara hortik gauzak ateratzeko”.  Pertsonaiari koherentzia emateko haren bizitza antolatzen dute, “interesatzen zaigun momentutik, horrelakoa zergatik den eta zergatik egiten duen egiten duena. Lan dibertigarria da. Kuxkuxeroa izanez gero oso lan polita da”.

Entseguak oso onak izan dira. “asko lan egin dute. Baina aurten oso langile ibili dira. Tailerra bi ordu dira, baina otsailetik hona, haiek nahi dutelako, ordu bat gehiago sartzen ari dira. Oso serio hartzen dute eta denbora gutxian oso lan ona egiten dute. Altsasun ematen dutenarekin harrituta gelditzen naiz”.