Podemos Altsasu Ahal Duguko zirkuluak martxoaren 28an hartutako erabakiaren fruitu da Goazen Altsasu hautetsien elkartea. Atzoko aurkezpenean Goazen Altsasuko kideek adierazi zuten euren lehen helburua altsasuar “guztien ona” dela. Horretarako jardunbidea “parte hartzea eta gardentasuna” izanen direla ziurtatu zuten. Hala, “gure herriko biztanle guztien ongizaterako tresna izan behar du udalak”.
Goazen Altsasuk apirilaren 9an hauteskunde primarioak egin zituen zerrendako hautagaiak erabakitzeko. Virginia Alonso Aparicio da alkate-gaia. Alonsok esan zuenez, “inolako bazterketarik gabe, altsasuar guztiak ordezkatzeko asmoa dugu. Denak herri bereko sentituko garen espazioa sortu, elkarrekin kolaboratzen eta parte hartzen”. Zerrenda-kideek aurretik kargu politikorik ez dutela izan azpimarratu ondoren guztiek hautagaitzaren kode etikoa sinatu dutela nabarmendu zuen.
Oinarrizko hiru ardatz dituzte: udal zerbitzu publikoen defentsa, haien kudeaketa zuzena eta erabakien hartzean herritarren parte hartzea. Eta hain zuzen altsasuarrak eta herritar mugimenduak Goazen Altsasu proiektuan parte hartzera animatu dituzte.