Lantegi okupazioa, sistemak kaltetuenak gazteak direla salatzeko

Guaixe 2015ko api. 27a, 13:21

Ostiralean gazte talde batek hutsik dagoen Recindsa lantegiaren okupazio sinbolikoa egin zuen. Erregimena kanpora dinamikaren baitan kokatutako ekintza izan zen. Harekin gazteek Sakanak bizi duen “krisiaren erantzule zuzenak”, besteak beste  “kapitalismoaren morroi diren UPN-PSNren erregimena besterik ez˝ direla salatu zuten. Nafarroako Gobernuari enplegua sortzeko eta mantentzeko konpromisorik azaldu ez izana leporatu zioten.

Sistemak eskaintzen dituen aukeren aurrean “Sakanako gazteok argi dugu bizi ditugun baldintzak irauli eta gure bizi eredu propioak eraikitzeko salto egin behar dugula”. Horregatik, “zapaltzen gaituen sistema kapitalista honen aurrean burujabe izan eta gure erabaki propioak hartzeko konpromisoa” hartzera deitu dute. Horretarako, “ezinbestekoa” jo dute “borroka eta indarrak batzea, bailara moduan aurre egiteko”. Maiatzaren 1eko borroka egunean parte hartzeko deia ere luzatu dute.