Koxka taberna, orain Europa!

Guaixe 2015ko api. 30a, 11:58

Altsasuko futbol taldeak XIX. Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketan parte hartuko du, maiatzaren 4tik 9ra, Lloret de Marren

Koxka taberna areto futbol talde xumea da, bertako eta gertuko txapelketetan ongi pasatzeko sortua. Orain, berriz, amateur mailako Europako txapelketa garrantzitsuenean lehiatuko dira sakandarrak, XIX. Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketan. Maiatzaren 4tik 9ra jokatuko da txapelketa, Lloret de Marren.

Hastapenak
Koxka tabernak Sakanako areto futbol txapelketa irabazi zuen 2012an. Koxkako Migel Barrero eta Jose Ramon Ramirez entrenatzaileek kontatzen digutenez, Areto Futboleko Kluben Arteko Estatuko Txapelketa antolatzen du anfs.es elkarteak (Asociacion Nacional de Futbol Sala). “Bertan areto futboleko talde amateurrak lehiatzen dira. Lehenik probintziaka jokatzen da eta gero onenak Espainiako txapelketa jokatzen dute. 2012an guk parte hartzea erabaki genuen. Araban parte hartu genuen, bertan ezagunak ditugulako. Miranda de Ebron jokatu genuen aurrekoa irabazi genuen eta Estatuko Txapelketan aritzeko txartela lortu genuen. 2012an Espainiako Txapelketan lehenengo errondan galdu genuen, 2013an bukaerako fasera iritsi ginen eta 2014an, Guadalajaran, Kluben Arteko Estatuko Txapelketa irabazi genuen eta Amateurren Europako Txapelketan jokatzeko txartela lortu genuen. Eta orain Europakoa jokatuko dugu” diote bi entrenatzaileek. Txapelketan parte hartzeko beharrezkoa zuten aurrekontua biltzea lortu dute eta eskertuta daude.

12 talde koparen bila
XIX. Europako kluben arteko UES Cup maiatzaren 4tik 9ra jokatuko da, Lloret de Marren. Guztira 12 talde lehiatuko dira, 4 multzotan banatuta. A multzoan Errusiako Volna, Belgikako Los Calimeros eta Katalunyako EFS Ripoll daude –Katalunyak selekzio propioa du–, B multzoan Errusiako Podvodnik, Frantziako Romorantin eta Kataluniako Naturopathic. C multzoan Errusiako Russland, Italiako Futsal Fics eta Frantziako C2C Vauvert. D multzoan, azkenik, Txekiar Errepublikako SK Sico SC Jilemnice, Armeniako DVIN eta Koxka Taberna. Lehen fasean, multzo bakoitzeko guztiak elkarren kontra ariko dira eta 2 onenak pasako dira aurrera. Ondoren final laurdenak, finalerdiak eta final handia jokatuko dira, azken hau larunbatean.

Armeniarrak eta txekiarrak, lehen arerioak
“Gu ongi gaude, sasoian. Talde orekatua dugu. Baina gu afizionatuak gara, areto futbolaz gozatzera eta ongi pasatzera biltzen garen taldea, besterik gabe, gutxi gorabehera 33 urteko batezbestekoa duguna. Jokalari gazteenak 29 urte ditu eta helduenak 40. Baina badakigu Errusiatik, Txekiatik eta ekialdetik datozen taldeak beste maila batean daudela. Han areto futbola izugarri bizitzen dute, eta ziurrenik etorriko direnak gazteak izango dira, erdi profesionalak, sekulako mailarekin. Hala ere, gu sasoian gaude, areto futbolean esperientziak garrantzia handia du, eta gauzak ahalik eta hobekien egitera aterako gara” adierazi dute Ramirezek eta Barrerok.
Astelehenean bere bi arerioek, Armeniako eta Txekiar Errepublikako taldeek, elkarren kontra jokatuko dute eta partida hori ikustera joango dira sakandarrak, bi taldeen erreferentzia hartzeko. Asteazkenean Koxkak Armeniako DVIN izango du arerio, 12:00etan, eta, ostegunean, 15:00etan, SK Sico SC Jilemnice talde txekiarra. “Badakigu konplikatua izango dela, baina final laurdenetara gure multzoko 3 taldetatik 2 pasako dira eta aukerak, izan, baditugu. Ilusioz gainezka gaude, guretako sari bat da hemen parte hartzea eta, printzipioz, disfrutatzera aterako gara. Hurrengo fasera pasatzea konplikatua izango da, baina, aukerak badaude” diote Koxkako entrenatzaileek.

Festa hartzeko zailtasunak
Koxka tabernako jokalari gehienek egiten dute lan, eta konplikatua egin zaie txapelketan parte hartzeko festa egunak hartzea. “Eromena izan da egunak hartu ahal izatea. Niri orain egun horiek ezingo ditudala hartu esan didate. Pena handiarekin baino ezingo dut joan” azaldu digu Ramirezek.

Koxka Taberna taldea
Atezainak: Jose Retegi eta Ivan Gorriz.
Jokalariak: David Mori, David Teran, David Garcia, Jonathan Higuero, Arkaitz Gasko, Jonathan Medina, Iñaki Morillas, Jorge Mayordomo, Patxi Beraza, Javi Azkoiti eta Otman Ogdi.
Entrenatzaileak: Migel Barrero eta Jose Ramon Ramirez.
Delegatuak: Kiko Tejeiro eta Mitxel Agirre.

http://www.uefs.eu/copa-uefs-clubs-masculinos-2015_spanish.htm
Txapelketari buruzko informazio guztia.