Dantzari txikiak Altsasun

Guaixe 2015ko mai. 1a, 12:26
Etorkizuna dantza taldeko dantzariak aurretik aritu izan dira frontoian.

Larunbatean, 11:45etik aurrera, Altsasun barna ariko dira.

Urretxuko Lurra eta Sakanako Etorkizuna dantza taldeetako dantzari txikiak kolore, mugimendu eta doinuz beteko dituzte Altsasuko kaleak larunbat eguerdian. 90 bat dantzari txiki izanen dira eta guztiak musika eskolan elkartuko dira, 11:00etan. Egoki jantzi eta gosaldu ondoren, 11:45ean, kalejiran abiatuko dira. Burundar Txistularien doinura eta Altsasuko erraldoien laguntzaz Zumalakarregi plazatik, San Joan kaletik eta  Iortia kultur gune paretik pasako dira, ibilbidea Foru plazan despeditzeko. Eguraldiak lagunduko ez balu Zelandiko kiroldegira lekualdatuko litzateke dantza emanaldia.

Plazan 13:00etan eskainiko duten dantza jaialdian, baita kalejiran egindako geldialdietan ere, Euskal Herri osoko dantzekin gozatzeko aukera emanen dute dantzari txikiek. Emanaldia despeditu ondoren urretxuarrek Sakanako dantzarien etxeetan bazkaltzera geldituko dira.

Etorkizuna
Gaur egun eskolak ehun bat ikasle inguru ditu, bospasei urte dituzte gazteenetatik helduetaraino. Heldu diren asteetan galtzak bete lan izanen dituzte Etorkizuneko dantzariek. Izan ere, haietako batzuk soinu zahar eta aurresku txapelketetako finaletan ariko dira maiatzaren 16an eta 23an, hurrenez hurren. Maiatzaren 30ean Etxarri Aranazko dantzari txiki egunean ere izanen dira Etorkizunekoak. Eta hurrengo egunean ikasturte akaberako emanaldia eskainiko dute. Altsasun garagarrilaren 3rako antolatutako dantza topaketan ere izanen dira.

Udako lehen egunean, garagarrilaren 21ean, urretxuarrei bisita bueltan emanen diete Etorkizunako dantzari txikiek. Eta uda partean, festarik festa ibiliko dira dantzariak: Etxarri Aranatzen, Ziordian, Altsasun…

Izen ematea
Heldu den ikasturtean euskal dantzekin segi edo hasi nahi duten ikasleek maiatzaren 11tik eta 25era izanen dute izena emateko aukera.