Mauthausenetik bizirik atera zen Valeriano Albiztur Mazkiaran

Guaixe 2015ko mai. 5a, 07:47

Gaur 70 urte beteko dira Austriako kontzentrazio eremu nazia aske gelditu zela.Hango gas kameretan Victor Restituto Andueza eta Miguel Iriarte Uribe altsasuarrak hil zituzten.

Gaur kontzentrazio eremua askatu zutela gogoratuko duen ekitaldia antolatu da Mauthausenen. Altsasu Memoria kolektiboa ekitaldira gonbidatua izan da, baina bere kideek ezin izanen dute han izan. Hala ere, kolektiboak gogora ekarri du kontzentrazio eremu hartan hiru altsasuar izan zirela eta bakarrak lortu zuela bizirik ateratzea: Valeriano Albiztur Mazkiaran.

Metalurgialaria ogibidez, 1906ko apirilaren 4an jaio zen. Francoren estatu golpearen ondoren errepublikaren alde borrokatu zen eta, azkenean, beste 15 altsasuarrekin batera Gurs-eko kontzentrazio eremu frantziarrean bukatu zuen. Handik atera eta Okzitaniako Tolosara joan zen bizitzera. Naziek han harrapatu eta Vernet, Caserne Caffarelli, Bordele eta Mauthausengo kontzentrazio eremuak ezagutu zituen. Azken horretan 1944ko irailaren 16an sartu zuten eta naziek 97.516 zenbakia eman zioten. Han denak zenbakiak besterik ez baitziren.

Eremuan eta ondoren
Kontzentrazio eremuan durangar bat ezagutu zuen, eta sukaldean lan egiteko aukera izan zuen. Ondoren zelaian metalurgialari gisa aritu zen. 80 kilo zituen sartu zutenean eta 38 aske gelditu zenean. Errusiarrak izan ziren askatzen lehenak, gerora amerikarrak iritsi ziren. Askatu ondoren Irungo Jose izeneko batek zeuden euskaldunendako kamioiak jarri eta ospitaleetara eraman zituzten.

Gerra ondoren Okzitaniako Tolosan gelditu zen bizitzen. Altsasun zituen senideekin Baionan elkartzen zen eta inoiz sorterrira ere bueltatu zen. Pertsona alaia eta euskalduna zela jaso du Altsasu Memoriak, baita bere herrian gelditu ziren bi ahizpei ilea moztu zietela ere. Espainiako estatuak Albiztur bezalakoak ez ditu biktimatzat hartu salatu du kolektiboak.