Aitorpen hori egin zuen larunbatean Enrike Zelaiak, Haize Berriak bandak berari eskainitako omenaldian. Zelaiak gaineratu zuen euskal musikaren sustapenean egindako lanean beti aitortza jaso duela. Omenaldiagatik esker ona azaldu zion Burunda frontoia bete zuen publikoari. Txaloekin eta irrintziekin agurtu zuten emanaldi akaberan.
Emanaldiak Xuberoa, rapsodia vasca obraren orkestrazioa mustutzeko balio izan zuen. Zelaiak sortutako obra hori bitan eman zen. Aurrena, Haize Berriak bandak jo zuen eta, aldi berean, pantailan Joseba Salegik zuzendu zuen Zatoz, agur! film laburra ikus zitekeen. Hartan bandako musikariek aktore papera hartu zuten Altsasuko folklorearen hainbat pasarte irudikatu eta immigratzera behartuak dauden gazteen larruan jarrita. Lehen joaldi horren ondoren bandak sei akordioilariekin batera jo zuen, omenaldiari akabera borobila emanez.
Aitortzak
Zatoz, Agur! emanaldian Haize Berriak bandarekin batera aritu ziren akordeoilari guztiek “geinuarendako” esker oneko hitzak izan zituzten. Hala, Joxan Goikoetxeak ezarritako bideetatik atera eta bide berriak zabaltzeko egindako ekarpena aitortu zion. Fran Idaretan akordeoilaritzan lehena izatea aitortu zion Zelaiari. Gorka Hermosak, bide bidez, ere gauza bera egin zuen. Bestetik, Iruñeko Musika Kontserbatorioko akordeoi atalak 30 urte betetzen dituela eta hango irakasle ere baden Javier Lopez Jasok oroigarria eta kamixeta oparitu zizkion. Bestalde, omenaldian Erkuden Ezeolaza soprano altsasuarrak parte hartu zuen ere.