Koxka taberna aurrera

Guaixe 2015ko mai. 6a, 09:40

Asteartean Armeniaren kontra jokatu beharreko partida ezin izan zuten jokatu altsasuarrek, armeniarrek bisatuekin eta pasaporteekin izandako arazoengatik. Ostegunean final laurdenetarako sailkatu da Koxka

Altsasuko Koxka taberna areto futbol taldeko mutilei Lloret de Marreko egonaldia luzatu zaie. Jakina denez, Altsasuko taldea amateur mailako Europako txapelketa garrantzitsuenean aritzeko sailkatu zen, 2014ko ekainean Kluben Arteko Estatuko Txapelketa irabazi eta gero. Astelehenean hasi zen XIX: Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketa, Lloret de Marren, eta Koxka tabernak lehen fasea gainditzea eta final laurdenetarako sailkatzea lortu du. Hori bai, ez nahi bezala.

Europako UEFS Cup txapelketan Europako 12 talde jokatzen ari dira, 4 multzotan banatuta. D multzoan dago Koxka taberna, Txekiar Errepublikako SK Sico SC Jilemnice eta Armeniako DVIN taldeekin. Astelehenean txekiarrak eta armeniarrak jokatzekoak ziren, eta, atzo, altsasuarrek armeniarrak izan behar zituzten aurkari. “Baina bi partida horiek ezin izan dira jokatu armeniarrek bisatuarekin eta pasaporteekin arazoak izan dituztelako eta ezin izan dutelako estatuan sartu. Hortaz, txekiarrak eta gu pasako gara final laurdenetara, baina ez nahiko genukeen moduan. Pena ematen digu, baina gauzak horrela suertatu dira. Gaur, asteazkenean, txekiarren kontra jokatuko dugu eta horrela final laurdenetan zein talderekin aritzea tokatuko zaigun jakingo dugu” adierazi du Koxka tabernako entrenatzaile eta jokalari Jose Ramon Ramirezek.

Gaur txekiarren kontra
Txekiarren eta sakandarren partida gaur, asteazkenean, jokatuko da, 17:00etan. Koxka tabernakoak ilusioz gainezka daude.”Talde orekatua dugu. Baina gu afizionatuak gara, areto futbolaz gozatzera eta ongi pasatzera biltzen garen taldea, besterik gabe, gutxi gorabehera 33 urteko batezbestekoa duguna. Jokalari gazteenak 29 urte ditu eta helduenak 40. Baina badakigu Errusiatik, Txekiatik eta ekialdetik datozen taldeak beste maila batean daudela. Han areto futbola izugarri bizitzen dute, eta ziurrenik etorriko direnak gazteak izango dira, erdi profesionalak, sekulako mailarekin. Hala ere, gu sasoian gaude, areto futbolean esperientziak garrantzia handia du, eta gauzak ahalik eta hobekien egitera aterako gara” adierazi zuten taldekideek Lloret de Marrera abiatu aurretik.

Badakite final laurdenetara pasa direla, baina gaurko txekiarren kontrako partidaren emaitzaren arabera jakinen dute zein postutan pasako diren. Ea nolako debuta egiten duten Europako txapelketan.