Koxka Europako finalerdietan

Guaixe 2015ko mai. 7a, 16:34

Europako UEFS Cup txapelketako final laurdenetan Frantziako Romorantin taldeari irabazi dio Koxkak (7-5). Bihar, finalerdietan, Errusiako Rusland izanen du arerio.

Koxka Taberna areto futbol taldea Lloret de Marren dago, Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketan lehiatzen. 12 taldek ekin zioten txapelketari astelehenean, 4 multzotan banatuta. D multzoan zegoen Koxka taberna, Txekiar Errepublikako SK Sico SC Jilemnice eta Armeniako DVIN taldeekin. Zoritxarrez, Armeniako taldeak bisatuekin eta pasaporteekin arazoak izan zituen eta ezin izan zen estatura sartu. Multzo bakoitzetik bi taldek egiten zuten aurrera, eta nahiz eta Koxka Taberna eta talde txekiarra final laurdenetara sailkatu, atzo elkarren kontra lehiatu ziren. Partida zirraragarrian, Koxka tabernak 4-2 irabazi zien txekiarrei eta final laurdenetara D multzoko buru pasa zen. Hasieratik bukaerara partida dominatu zuen Koxkak. Altsasuarrak 4-0 aurreratuta egon ziren, baina bukaera aldera zerbait erlaxatu eta txekiarrek bi gol sartu zizkieten. Hala ere, 4-2 irabazi zuten.

Gaur arratsaldean Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketako final laurdenak jokatu ditu Koxka tabernak. B multzoko talde buru Frantziako Romorantin izan du aurkari. Emozioz betetako partidan, 7-5 gailendu ziren altsasuarrak.

Finalerdiak Ruslanden kontra
Bihar finalerdiak jokatuko ditu Koxkak Errusiako Rusland taldearen kontra. Laburra espero zen egonaldia luze bilakatu zaie sakandarrei. Ea sorpresa eman eta Europako finaletan ikusten ditugun.