Marc Bonasek eta Alfredo Hoyuelos ihabardarrak zuzendutako Verd Dolç Jazz, tres mirades vers El Martinet (Berdea, Gozoa, Jazza, El Martinei buruzko hiru begirada) dokumentala ikusteko aukera izanen da. Ripolleten (Bartzelona) dagoen eskola publikoaren izaera eta funtzionamendua azaltzen du dokumentalak. Xabier Unanua irurtzundarrak editatu du dokumentala.
Hoyuelosek NUPeko irakasle-ikasketako eta Iruñeko udal haur eskoletako arte tailerretako irakaslea da. Duela 10 urte izan zuen El Martinet eskolaren esperientziaren berri; “erabat harritu ninduen haien pentsamenduak, haurren nahia errespetatzeak, ez libururik ezta klaserik izateak, irakasleek txaparik ez ematea, ez zigorrik ezta etxeko-lanik ez izatea eta haurrek nahi duten tokian egoteko aukera izatea”.
Dokumentalean “proiektuaren sorrera eta hari buruzko hiru ikuspuntu ematen ditu dokumentalak: irakasle, guraso eta haur banarena”, azaldu digu Hoyuelosek. Azken horiek bakoitzak adin tarte bat islatu du. “Eskolak hartutako arrisku bera hartu nahi genuen dokumentalean horregatik modu esperimentalean grabatu genuen”. Eta hiru kameralari ez profesionalekin osatu dute dokumentala. Batean eta bestean eman dute eta emanaldi ondoren sortzen den eztabaida oso aberasgarria dela azaldu digu Hoyuelosek.
El Martinetez
10 urteko ibilbidean El Martinek eskola publikoan alaitasunari eta ongizateari lotuta dagoen ikaskuntza mota bat garatu dute, zeinetan haurrak erabateko protagonistak diren. Dokumentalak horri guztiari buruzko begirada anitzak ematen ditu. Eta, aldi berean, El Martinet osatzen duten pertsonen esperientzien bitartez haurtzaroaren kulturari buruz duten irudia azaltzen da. Izan ere, El Martinet eskola publikoan haurtzaroak berezko kultura duela aitortzetik abiatu dira. Haurrari erreparatzen diete, bere kultura adierazteko erabiltzen dituzten bide anitzak ulertzeko eta ezagutu nahi duen inguruko mundua interpretatzeko eraikitzen dituen teoriak ezagutzeko.