Komedia klasikotik joko du Altsasuko Amateur Antzerki Zikloak

Guaixe 2015ko mai. 8a, 12:13

Bihar hasita, hiru larunbatez, Lizarra, Tafalla eta Deikazteluko antzerki taldeen muntaiekin gozatzeko aukera izanen da.

Tarima Beltza antzerki taldeak bosgarren urtez Teatreves, Altsasuko Amateur Antzerki Zikloa antolatu du. Taldeko kide Juan Manuel Herrerok antzerkiaz gozatzera gonbidatu du jendea. Aurtengo ziklorako hiru obra klasiko, hiru komedia programatu dituzte.

Mertxe Herrerak azaldu digunez, publiko fidela du zikloak. Joan den urteko erantzunaz galdetuta “oso pozik” bukatu zutela adierazi du; “jendea kritikoa da eta antzezlanak komentatzen ditu”. Altsasuko ziklotik pasa diren taldeekin antzezlanaren ondoren auzatea egiten dute Tarima Beltzakoek eta “denek publikoak egiten dien harrera nabarmentzen dute. Publikoarekin eta antzokiarekin oso pozik joaten dira”. Iritziak bisita koadernoan jasoak dituzte.

2010etik antzerkiko publiko berria sortzen ere ari da Tarima Beltzakoak. Horretarako, antzezlan bakoitzerako sarrerak banatzen dizkiete herriko elkarteei. Aurten institutuko antzerki tailerrak, Parkinson elkarteak eta Altsasuko Dendari Elkarteak jasoko dituzte sari horiek.

Altsasuko zikloarekin hasi eta hurrengo urtean Nafarroako Antzerki Erakustaldia sortu zuen Nafarroako Amateur Antzerki Federazioak. Altsasuren moduko zikloak antolatzen dituzten herriak gero eta gehiago dira Nafarroako Gobernuaren laguntzaz. Horrek obrak beste herri batzuetan emateko aukera zabaldu dizkie Tarima Beltzekoei. Hala ere, hiruko muga jarri dute, federazioan dauden 37 taldeek aukera bera izan dezaten.

Biharko antzezpena
Lizarrako Kilkarrak abiaraziko du erakustaldia. Jon Barbarin ihabardarrak zuzentzen du taldea eta gainera antzezlanaren egokitzapena ere egin du: William Shakespeareren Uda-gau bateko ametsa obra. Grezia klasikoan girotutako komedia erromantikoa da. Antzezlanean maitagarriak, gizarteko goi mailako eta behe mailako pertsonaiak dira protagonistak. Haien arteko elkar eraginetatik maitasun istorioak, ametsak eta magia sortzen dira.Guztia Teseo eta Hipolitaren ezkontzan gertatzen da, bi jauntxo bikoteren, komiko batzuen eta maitagarrien maitasun istorioak elkar lotzen direnean. 16 aktorek jokatuko dituzte pertsonaiak eta bost musikarik zuzenean musika joko dute.

Egitaraua
Sueño de una noche de verano
Maiatzaren 9an, larunbatean. Kilkarrak.

El gran teatro del mundo
Maiatzaren 16an, larunbatean. Puntido teatro.

Tres sombreros de copa
Maiatzaren 23an, larunbatean. Atarapana.

Sariak
Amateur Antzerki Zikloko antzezlana bakoitzaren ondoren publikoaren artean bi zozketa eginen dira. Alde batetik, Altsasuko Dendarien Elkarteak emandako 30 euroko bale bat. Elkarteko buru Ibone Prietok esan du elkartearen helburua “herria dinamizatu eta jendea kalean egotea” dela; “haiek gure dendetara joatea nahi dugu, baina gu haien funtzioetara joan ere”.

Bestetik, Xurrut, Alde Zaharreko tabernarien elkarteak emandako ardo botilak ere zozketatuko dira. Herrerak Xurrut, Alde Zaharreko tabernen elkarteari eskerrak eman zion. Gogora ekarri zuen urte zaharreko arratsaldeko poteoan jasotako diruaren zati bat Tarima Beltzari eman ziola eta horregatik esker ona azaldu zuen.