Barranka taldearen aurkezpena

Guaixe 2015ko mai. 8a, 13:15

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Iortia Kultur Gunean

Burunda Txirrindularitza Klubean aldaketak egon dira. Lehen klubak txirrindularitza taldea, BTT taldea eta Altsasuko BTT zeharkaldia eta Sakana-Burunda probak hartzen zituen bere gain. Baina lana banatzea erabaki dute, diru kontuak eta beste hobeto kudeatzeko. Horrela, Burunda Txirrindularitza Klubak txirrindulariak trebatzen jarraituko du eta txirrindularitza probak antolatuko ditu, baina BTT sekzioko mendi txirrindulariek eta zikloturistek talde berria sortu dute: Barranka txirrindulari taldea. Hain zuzen ere gaur, ostiralean, 19:00etan aurkeztuko da taldea, Altsasuko Iortian.

Ohiko BTT eta zikloturismo irteerak antolatzeaz gain, hemendik aurrera Barranka taldeak antolatuko du Altsasuko BTT Zeharkaldia, aurten 20. edizioa izango duena eta V. Sakana-Burunda txirrindularitza martxa.