Koxka taberna, Europako txapeldunordea

Guaixe 2015ko mai. 11a, 08:49

Errusiako Podvodnik taldeak 6-3 irabazi zieten altsasuarrei baina historia egin dute sakandarrek

Koxka taberna taldea Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketako txapeldunordea dugu. Talde altsasuarrak 2014an lortu zuen aipatu txapelketan lehiatzeko txartela, Areto Futboleko Kluben Arteko Espainiako txapelketa irabazi eta gero. Europakoan lehen fasetik aurrera pasatzea “oso konplikatua” ikusten zuten sakandarrek, bereziki Ekialdeko taldeek zuten mailagatik, baina sorpresa eman eta lehen fasea, final laurdenak eta final erdiak gainditzea lortu dute Koxka tabernakoek, finalera iristeko. Final ikusgarrian, Errusiako Podvodnik taldearen kontra 6-3 galdu dute baina lortutakoarekin pozik daude altsasuarrak, txapeldunorde izatearekin historia egin dutelako.

Lehen fasea D multzoko buru bezala pasatu eta gero, final laurdenetan Frantziako Romorantin izan zuten aurkari Koxka tabernakoek. Emozioz betetako partidan, 7-5 gailendu ziren altsasuarrak. Ostiralean finalerdien txanda izan zen. Errusiako Rusland taldea izan zuten aurkari. Atsedenaldira 2 goleko errentarekin iritsi ziren altsasuarrak, baina bina berdintzea lortu zuten errusiarrek partida bukatzeko bi minutu pasaren faltan. Azken une zirraragarrian bi gol sartu zituen Koxka tabernak eta finalerako sailkatu ziren, 4-2 irabazita.

Finala
Larunbatean jokatu zen Europako kluben arteko UEFS Cup txapelketako finala. Koxka tabernak eta Errusiako Podvodnik talde ahaltsuak, txapelketako talde faboritoak. Ekitaldeko taldeak ia profesionalak direla, sekulako baliabideak dituztela eta talde bikainak direla adierazi ziguten Koxka tabernako entrenatzaile Juan Ramon Ramirezek eta Migel Barrerok, eta argi geratu zen hori. Hala ere, Koxka tabernak maila bikaina eman zuten, finala oso lehiatua izan baitzen. Errusiarrek bi goleko abantaila lortu zuten berehala, baina 9. minutuan Koxkak lehen gola sartzea lortu zuen. Errusiarrek beste gol batekin erantzun zuten, eta nahiz eta altsasuarrek bigarren gola sartu, atsedenaldia baino lehen Koxkakoen atean asmatzea lortu zuten altsasuarrek eta atsedenaldira 4 eta 2ko errentarekin joan ziren Podvodnik taldekoak.
Bigarren zatian defentsan hobetu zuten Koxka tabernakoak. Hala ere, errusiarrek bosgarren gola sartu zuten. Baina Koxka tabernak erantzun zuen eta Medinak sartutako golari esker 5 eta 3 gerturatu ziren. Baina partida bukatzeko lau minuturen faltan errusiarrek seigarren gola sartu zuten, altsasuarren ahaleginak zapuztuz. Eta horrela despeditu zen finala, errusiarrak 6-3 irabazita.

Positiboa
Koxka tabernako Migel Barrero entrenatzaileak adierazi zuenez, “finala txapelketan egin dugun partidarik okerrena izan da. Oso hotz hasi dugu norgehiagoka, partidan sartzea asko kostatu zaigu eta eurek hori probestu dute, 2 eta 0 aurreratuz. Gero guk sartzen genuen gol bakoitzeko eurek beste batekin erantzuten zuten. Partidaren kontrola eurek izan dute eta euren atezainak sekulako partida egin du, geldialdi bikainak egin ditu” azaldu zuen altsasuarrak. Hala ere, txapelketarekin kontentu daude altsasuarrak. “Balorazioa positiboa da, jakina. Gure lehendabiziko parte-hartzea izan da, finalera iristea lortu dugu eta Europako txapeldunordeak gara. Hori positiboa da, nahita nahi ez. Finala ez irabaztearen arantza hori geratzen zaizu, gainontzeko partidatan bezain ongi aritu ez garelako” gaineratu du. Baina pozik egoteko arrazoi asko dituzte, Europako txapeldunordea izatea ez baita makala. Zorionak guztioi!

Koxka Taberna taldea
Atezainak: Jose Retegi eta Ivan Gorriz.
Jokalariak: David Mori, David Teran, David Garcia, Jonathan Higuero, Arkaitz Gasko, Jonathan Medina, Iñaki Morillas, Jorge Mayordomo, Patxi Beraza, Javi Azkoiti eta Otman Ogdi.
Entrenatzaileak: Migel Barrero eta Jose Ramon Ramirez.
Delegatuak: Kiko Tejeiro eta Mitxel Agirre.