Iñaki eta Joneren estreinakoa

Guaixe 2015ko mai. 15a, 11:03

Gaur, 19:00etan, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean kontzertua emanen du bikoak.

Jone Rubio Mazkiaran eta Iñaki Aldasoro Lezea musikari altsasuarrek sortu duten proiektu berria aurkeztuko dute gaur jendaurrean. Jone, Jaione Diazekin batera, makina bat saiotan eta kontzertutan parte hartu du. Bakarlari gisa ere festetan eta Haize Berriak bandarekin aritu izan da.

Iñaki, berriz, Segada edo Kaleginez taldeetan baxu-jole aritu da. Esan digunez, “azken urtetan ez dut musika proiektu finkorik izan, nahiz eta ikertzen eta ikasten jarraitu dudan”. Iñaki gitarra ikasten eta lagun batekin kantak moldatzen eta abesten denbora zeraman: “bi gitarra akustiko ziren, bi ahotsekin, neska eta mutila. Proiektu hura, pena handiz, bertan behera utzi behar izan genuen”. Horrekin bueltaka zebilela Haize Berriak bandaren kontzertu batean Jone ikusi zuen kantatzen. “Orduantxe konturatu nintzen bide beretik lanean jarraitzeko bide bat berarekin biltzea izan zitekeela”.

Folk lokarria
Duela urtebete elkarrekin zerbait egin zezaketela aipatu zuten, eta geroxeago gauzatu zen bikoaren ideia. Jone astean zehar herritik kanpo dagonenez, entseguetarako aukera gutxi dute eta elkarren musika gustuak ezagutzen ari dira. Astean behin entseatzen, ibilian, bertsio sorta bat prestatu dute. Iñakik azaldu digunez, “bertsioek ez dute inongo gai loturarik. Batez ere estilo edo sonoritate zehatz bat bilatzen saiatu gara kanta sorta horri osotasun bat emateko. Esan genezake, folk-a izan dela gure lokarria, nahiz eta Jone pop-rocketik eta ni punk edo hardcoretik gertuago ibili ohi izan garen beti”.

Gaur Jonek gitarra akustikoa eta Iñakik elektrikoa aldean dutela emanen dute kontzertua. “Gaztetxokoan izanda ikuslego gaztea izango dugu eta espero dugu beraientzat oso ohikoak izan ez daitezken kanta eta estiloekin nolabait ere konektatu dezaten lortzea. Hori da gure helburu nagusia” esan digu Iñakik. Emanaldi gehiago etorriko diren esperantza dute.