El gran teatro del mundo

Guaixe 2015ko mai. 15a, 11:31

Maiatzaren 16an, larunbatean, 20:00etan Altsasuko Iortia kultur gunean. Puntido Teatro. Ikuskizun hau entretenigarria, dibertigarria eta bisualki erakargarria da.

Pedro Calderón de la Barcaren El gran Teatro del Mundo antzezlanaren moldaketa batek emanen dio segida Teatreves, Altsasuko Amateur Antzerki Zikloari. Obra horretan egileak bizitza antzerki baten gisa islatzen du eta han pertsona bakoitzak paper bat jokatzen du. Obra originalari leialtasunez jarraituz, egokitzapenak gaurkotasunera itzuli du.

Sortzez auto sakramentala zena telebista-plato batera eramana izan da oraingo moldaketan. Politikoak, enpresariak, gazte solidarioak, aktoreak, langileak, behartsuak, haurrak… agertuko dira eszenatokian. Guztiek publikoari euren ilusioak azalduko dizkioten, haien bizitza mundua den telebista-plato handian antzeztuz. Egiten duten lanaren arabera, audientziak parte-hartzaile bakoitzaren patua erabaki beharko dute.

Taldeaz
Herriko Gabalzeka Teatro taldean inoiz aritutako pertsonak 40. urteurrenaren aitzakian elkartu ziren. Haietako batzuk antzerki gosea berdintzeko gogoz gelditu ziren eta antzerki talde berria sortzea erabaki zuten: Puntido Teatro. 2011n izan zen hori. 20 kidek osatzen dute antzerki taldea eta, horregatik, aldi berean bizpahiru obra lantzen dituzte. Erriberriko antzerki klasikoko jaialdian parte hartu du Tafallako taldeak. Altsasura ekarriko duten muntaiagatik Espainiako Amateur Antzerki Konfederazioaren antzerki klasikoko ohorezko aipamena jaso du aurten.

Sariak
Zikloko emanaldi bakoitzaren ondoren Tarima Beltzak Altsasuko Dendarien Elkarteak emandako 30 euroko erosketa txartela eta Xurrut, Alde Zaharreko tabernen elkarteak emandako ardo botilak zozketatzen ditu. Aurreneko antzezlaneko saria Ana Jesus Ruiz Alegriarendako izan zen.

Fitxa
Zuzendaria: Javier Salvo
Egokitzapena eta zuzendaritza: Jon Barbarin.
Aktoreak: Maite Hernandez, Xabier Flamarique, Santi Lopez, Arantza Capon, Nelya Oroz, Marga Arregi, Sebas Eskiroz, Javier Salvo eta Irati Lizarazu.
Musika: Tafallako Musika eskolako saxo laukotea.