Euskadiko txapeldunordea dugu Kali

Guaixe 2015ko mai. 19a, 10:11

Euskadiko Foso Unibertsaleko 3. mailan bigarrena sailkatu zen Jose Carlos Jimenez “Kali” altsasuarra

Jose Carlos Jimenez “Kali”-k urte asko daramatza tiro olinpikoan. Modalitate asko daude, baina foso unibertsalean murgildu da eta foso unibertsaleko 3. mailan dabil altsasuarra. Emaitza paregabeekin, gainera.

Maiatzaren 3an Euskadiko foso unibertsaleko txapelketa jokatu zen Amurrion. 47 tiratzaile lehiatu ziren. 3. Mailan lehiatu zen Kali. 50 plateretako tiraldia zen. Zegoen maila handiaren isla, hiru tiratzailek 48 plater erdibitu zituzten: Iñaki Renteriak, Nicasio Morenok eta Kalik. “Berdinketa hausteko 25 plater bota behar genituen eta hirurok 24 plater bota genituen, atzera ere berdinduz. Eta berdinketa hausteko “muerte subita” delakoan, tiro batera, Iñaki Renteriak irabazi zuen eta ni bigarrena sailkatu nintzen. Gijoneko Errege Kopa irabaztetik zetorren Nicasio Moreno hirugarrena izan zen. Egun dagoen maila izugarria da baina ni bolada onean nago eta pozik nago egindakoarekin” adierazi digu altsasuarrak.

Maiatzaren 10ean Nafarroako minifosoko kopa jokatu zen, eta Kali 1-2 mailan lehiatu zen. 25 plateretara jokatzen zen eta bere kategoriako irabazlea izan zen. Aurretik, apirilean, Arabako minifoso Kopan aritu zen, 25 plateretara. “6 tiratzailek 24 plater bota genituen, eta berdinketa hausteko tiroetan hirugarrena sailkatu nintzen” gaineratu du.

Espainiako Txapelketa helburu
Bolada onean, sasoian dago altsasuarra. Asteburuan Espainiako Kopa jokatu zen Valladoliden eta ezinezkoa izan zuen bertan aritzea. “Pena ematen dit bolada oso onean nagoelako, baina aurrekontu handia eskatzen du eta ezinezkoa zait. Babesleak bilatzea zaila da. Abuztuan Espainiako Txapelketa jokatuko da eta han egoten saiatuko naiz, ea posiblea den”.