Parte hartze ikusgarria izan zuen larunbatean jokatutako Half Triathlon Iruñea probak. Ironman erdi baten distantzia zuen probak. Aritzalekun 1,9 km igerian egin behar izan zituzten triatletek, gero bizikleta hartu eta Iruñeraino jo, 90 km eginez, eta, bukatzeko, Iruñean 21 km-ko korrikaldia egin. Izutzeko modukoa. Bada, 441 triatletek hartu zuten parte eta azkarrenak Gustavo Rodrigez (4:00:59) eta Anna Noguera (4:41:19) izan ziren. Rodriguezek 4:41eko tartea atera zion Raul Amatriaini eta Noguerak ia 8 minutukoa Ana Casaresi (4:49:13).
Sakana Triatloi Taldeko Isidro Asurabarrenak eta Mikel Lakuntzak proba osatzea lortu zuten. Asurabarrena 97.a izan zen (4:57:43) eta Lakuntza 198.a (5:18:35). Aldiz, Felix Benjumeak ezin izan zuen proba bukatu.
Maiza Gorlizen
400 triatleta pasa lehiatu ziren IX. Gorliz Badia Triatloian (750 m igerian, 28,6 km bizikletan eta 5 km korrikan). Daniel Bayón (1:28:48) eta Tamsyn Moana-Veale nagusitu ziren (1:36:50). Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza 172.a sailkatu zen (1:51:26).