Iñaki Gallego altsasuarra Half Triathlon Iruñeko erreleboetako txapelduna

Guaixe 2015ko mai. 20a, 12:52

Iker Baztarrikarekin eta Cesar Prietorekin batera taldea osatuta, erreleboetan gailendu ziren (4:20:00)

Parte hartze ikusgarria izan zuen larunbatean jokatutako Half Triathlon Iruñea probak. Ironman erdi baten distantzia zuen. Aritzalekun 1,9 km igerian egin behar izan zituzten triatletek, gero bizikleta hartu eta Iruñeraino jo, 90 km eginez, eta, bukatzeko, Iruñean 21 km-ko korrikaldia egin. Izutzeko modukoa. Bada, 500 triatletek hartu zuten parte eta azkarrenak Gustavo Rodriguez (4:00:59) eta Anna Noguera (4:41:19) izan ziren. Rodriguezek 4:41eko tartea atera zion Raul Amatriaini eta Noguerak ia 8 minutukoa Ana Casaresi (4:49:13).

Sakana Triatloi Taldeko Isidro Asurabarrenak eta Mikel Lakuntzak proba osatzea lortu zuten. Asurabarrena 97.a izan zen (4:57:43) eta Lakuntza 198.a (5:18:35). Aldiz, Felix Benjumeak ezin izan zuen proba bukatu.

Aipatzekoa da erreleboen modalitatean Beasaingo Trigoi Taldeko Iñaki Gallego triatleta altsasuarrak, Iker Baztarrikak eta Cesar Prietok irabazi zutela (4:20:00).