Sakandarrak Gasteizko herri harresian

Guaixe 2015ko mai. 21a, 09:06

Ertzaintzak bortizki atxilotu zituen Segiko kide egotzita zigortutako gazteak.

Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitutako 28 euskal gazteak aske behar zutela eta haietako zazpiren kontrako zigorra salatzeko manifestazioa egin zen Gasteizen igande eguerdian. Haren ondoren, zigortuak baina atxilotuak izan ez ziren hiru gazteak babesteko Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan Aske Gunea eratu zuten.

Zigortutako hiru gazteak atxilotzea astelehen goizean joan zen Ertzaintza eta indarrez atxilotu zituen, herri harresia osatu zutenen kontra gogor joz. Hainbat sakandar ziren tartean. Atxilotutakoen auzi berean absolbitua izan zen Imanol Salinas olaztiarrak, esaterako, jipoia jaso zuen. 60 bat lagun zauritu ziren.

Han izan ziren altsasuarrek Hitzondo agerkari digitalari azaldu diotenez, “izugarrizko bortizkeria” erabili zuten ertzainek; “gure kideei eusten ari ginela esku eta besoetan borrakada ugari jaso genituen, gutako batek buruan. Ubeldura ugari ditugu”. Haietako bat besoa tolestu ezin zuelako osasun zerbitzuek hartatu zutela gaineratu dute. Zehaztu dutenez, hasieran pintura goitik behera bota zuten gazteen artean hiru sakandar zeuden.