Goazen Altsasuren programa “hautagaitza sustatzen duten pertsonen hausnarketa kolektiboaren, altsasuarren eta elkarteen ekarpenen emaitza da”. Horretarako herriaren eta udalaren egungo egoeraren analisitik abiatu ziren. Programa hainbat atal izanda ere, haiek guztiak elkarrekin zerikusia dutela nabarmendu dute Goazen Altsasutik.
Herritar erreskatea gauzatzeko gizarte-larrialdi egoeran dauden pertsonei berehalako arreta ematea proposatu dute, baita oinarrizko hornikuntza zerbitzuak bermatzea ere. Altsasuar guztien elikadura bermatzeko erakundeen arteko elkarlana sustatuko dute, besteak beste. Bestalde, erabakiak hartzeko garaian herritarren parte hartzea sustatu nahi du Goazen Altsasuk, gaiak landuz, eztabaidatuz eta udal organoei proposamenak eginez. Horri lotutako bederatzi neurri zehaztu ditu: batzarrak, bozketak, udal auditoria, Mank-i ekarpena aztertzea…
Altsasu elkarbizitzarako gune izan dadin udal eraikinen, kaleen eta berdeguneen hobetzearen eta, hondakinen kudeaketaz eta garbitasunaren gaineko proposamenak jaso ditu GAk. Euria egiten duenerako estalpeko gune bat, Zumalakarregi plaza konpontzea jaso ditu ere. Bestalde, udala altsasuarren ongizatea bermatuko duen lanabes gisa jotzen du Goazen Altsasuk. Horregatik, udal zerbitzuen esternalizazioa ahalik eta txikiena izateko lan eginen dute, baita beste hainbat neurri gauzatzeko ere. Enpleguaren arloan 11 proposamen egin ditu Goazen Altsasuk.