Izquierda-Ezkerrako hautagaitzatik altsasuar ezkertiar, errepublikazale eta progresista guztiei dei egin diete aldaketa ekarriko duen proiektuan haiek laguntzeko. Koalizioko kideek ziurtatu dutenez pertsonak dira haien interes nagusia. Jendea entzun eta haien aldeko lana egitea helburu dutela nabarmendu dute.
I-Ek hirigintza, etxebizitza, obrak eta zerbitzuen atalean Altsasurako dozena bat proposamen egin ditu: zaharberritzeen sustapena, etxebizitza hutsak alokairu sozialera bideratzeko hobariak, jolas parkeak egokitzea, txakurrendako eremu itxiak, hondakinen errekuperazioa eta berrerabilpena, Mank-en lana gainbegiratzea ematen den dirua Altsasun itzulia izateko edo energia xahuketa murriztea. Osasuna, gizarte ongizate eta elkartasun arloko zazpi neurrik osatzen dute I-Eren programa. Besteak beste Aita Barandiaran egoitzan medikuak goiz eta arratsaldez egotea eta han eguneko zentroa egotea, tutoretzapeko etxebizitzak edo jantoki soziala sortzea ere.
Ekonomia garapena bilatzeko zazpi neurri daude koalizioaren programan: udal enplegu poltsa sortu eta txandakako sistema ezarri; administrazio tramiteak arindu enpresa txiki eta kooperatibei laguntzeko; kontsumo taldeak ezartzea edota lehen sektorean ekoizpen ekologikoa bulkatzea eta enplegu berdea sortzeko plana garatzea. Gizarte eta kulturan arloan bederatzi proposamen jaso ditu koalizioa: etxebizitza sozialen aldeko politikak, hezkuntza (kalitatezko hezkuntza publikoa, sukaldaritza eskola zabaltzea, emakumeen ahalduntzea…), gazte plana, aniztasunerako foroa eta euskara.