Itsaspeko arkeologoa haritz artean

Guaixe 2015ko mai. 21a, 20:00
Albaolako kideak, Robert Grenier, Garazi Urrestarazu eta Iker Manterola.

Robert Grenier Altsasun izan da gaur. Quebektarra izan zen ondoratutako San Juan baleontzia opatu zuena.

Han zerbait bazela bazekiten. Oñatiko agiriek kokapenik ez zuten ematen baina kostan euskaldunek balearen koipea urtzeko labeen arrastoak zeuden. 1978ko iraileko astelehen eguerdi hartan Kanadako Red Bayko urak zeropeko tenperatura zuten. Robert Grenier itsaspeko arkeologoak hondarra kendu eta barrika puskak agertu ziren. Eskularrua kendu eta han koipe moduko bat atzeman zuen. Euskaldunek XVI. mendean  eraikitako San Juan baleontzia aurkitu berri zuen Grenierrek. Hura ikertzen 30 urte eman ditu.

37 urte geroago Grenier Euskal Herrian da. Pasaian Albaola egiten ari den San Juan baleontziaren kopia ikustera eta hitzaldiak ematera etorri da. Gaur Altsasun izan da, Dantzalekun, hariztiaren interpretazio ibilbidean. Itsaspeko arkeologian aditua denak San Juan baleontziaren modukoak egiteko euskaldunek nolako baso kudeaketa egiten zuen ezagutu nahi izan du, bertatik bertara. Grenierrek aipatu du San Juan baleontzia euskal teknologiaren berri ematen duela; “inglesek euskaldunen eraikuntza teknikak kopiatu zituzten”.

Grenierrek azaldu duenez, orduko euskal arrantzaleak hotzarekin nabigatzen eta arrantzatzen zuten. Horretarako hobekien janzten zirenak omen ziren. “Horri esker goizean ateratzen ziren bakailaotara. Besteak eguerdirako. Ordurako euskaldunek itsasontzia beteta zuten”. Adituak azaldu duenez, euskaldunek Ternuarako lehen bidaiarekin itsasontzia amortizatzen zutela eta gero Sevillan saltzen zituztela. “horregatik, Kariben opatzen dituzten galeoi gehienak euskal galeoiak dira. San Juan baleontziari esker dakigu hori”.

Zuzendaria
Quebectarra Unescoren urpeko arkeologiako nazioarteko zientzia batzordeko lehendakariak izan zen hamar urtez. 1979tik 2010era bitartean Parcs Canada urpeko arkeologia taldea zuzendu zuen.