Gozamenezko film laburrak

Guaixe 2015ko mai. 22a, 10:30

Gaur, 18:00etan, Altsasuko Intxostiapunta gazte gunean lehiaketako sari banaketa eginen da.

Gozamenez programaren barruan, II. film laburren lehiaketa antolatu da, gazte nafarrek sexualitatearen gainean hausnartu eta ideiak adierazteko. Beti ere, ikuspuntu integratzaile, plural eta ireki batetik, erredukzionismoetatik urrun, zentzumenen bidezko gozamenaren, fantasien alde, pertsonen garapen globalaren bila dauden lanak aurkeztu behar dira.

Nafarroako lehiaketari lotuta, Altsasuko Udal Gazte Zerbitzuak sariketa propioa antolatu du. Bi film labur aurkeztu dira lehiaketara: Amor Saludable eta Revolución Sexual. Aurrenekoan bikote erlazio batean osasungarria ez den guztia azalarazten saiatu dira. Bigarrenean erlijiosoa den familia bateko neska batek bere inozentziatik sexu iraultza bizi du, baina etxeko giroan hori azaltzea zaila zaio.

Gazteek udalaren web orriaren bidez boza emateko aukera izan dute eta gaur argituko da 100 euroko saria norendako izanen den. Bi lanek Nafarroako eta Altsasuko lehiaketetan parte hartu dute. Bitartean, gaur izanen den sari banaketara, “emozio eta desirak adierazi eta konpartitzera” joatera animatu dute Gazteria Zerbitzutik.