Igandean Lesakak Nafarroako gazteen Bertso Eskolen Eguna hartu zuen. 10 eta 15 urte bitarteko 60 gazte elkartu ziren. Zazpi bertso-eskoletako ordezkariak izan ziren topaketan, sakandarrak tartean. Bertsotan ospatu zuten eguna, jakina. Bertso-eskola bakoitzaren agurrarekin hasi zen saioa. Ondoren Nafarroako Bertsopaper Lehiaketako saridunen lanak entzun eta sari banaketa ekitaldia egin zen.
Hura bukatuta, gazteek inprobisatzeko aukera izan zuten: gai orokorra, bukaerako puntua eta lau oinak emanda bat-batean aritu ziren; beti ere, jolas gisa parte-hartzea bultzatuz. Arratsaldean, berriz, taldeen arteko harremanak indartzeko, herrian barrena pista-jolasean aritu ziren ikasleak. Lesakako hainbat bertsolari identifikatu eta haien bertso bana kantatuz eman zitzaion akabera aurtengo Nafarroako Bertso Eskolen Egunari.
Nafarroako Bertsopaper Lehiaketan sarituak
DBHko 1. eta 2. mailan irabazlea: Ekain Alegre (Altsasu)
DBHko 3. eta 4.mailan irabazlea: Idoia Granizo (Altsasu).