Zelandi eta Iñigo Aritzako ikasleak zientzialari

Guaixe 2015ko mai. 30a, 12:04

Ikasleak ikertzaileen azalpenak jasotzen. Eskubian, Joseba Aldasoro.

Nafarroako 3 ikastetxetako 150 ikaslek Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) zientzia dibulgazio jarduera batean parte hartu dute: Landareen erabilpenak eta bere zaintzaren garrantzia. Natur Zientzien Departamentuak antolatutako jardueran, beste ikertzaileekin batera, Joseba Aldasoro ikertzaile altsasuarra ibili da esperientzia zientifikoa gizarteratzen. Zelandi ikastetxe publikoko LHko 2. mailako eta Iñigo Aritzako 3. eta 4. mailetako ikasleak dira NUPko ekimenean parte hartu dutenak.  

Lehenengo egunean ikertzaileen lana zertan datzan azaldu diete NUPeko ikertzaileek. Ondoren, landareen erabilerez hitz egin dute eta biodibertsitatea mantentzearen garrantziaz. Teoria jaso eta gero, praktikara pasatu dira ikasleak, eta 3-4 astetan zehar zientzialarien lana egin dute. Letxugekin egindako esperimentuan behatu eta hausnartu behar izan dute ia zer gertatzen zaien ur mota ezberdinekin ureztatzean (itsasoko ura, ur zikina, ur-destilatua, simaurra...) edo urik ez ematean. Esperimentua egin eta gero, ikertzaileekin berriz elkartu dira, eta zientzia biltzar batean egongo balira bezala, poster baten bitartez aurkeztu behar izan dituzte emaitzak.

NUParekin batera, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioaren menpe dagoen Zientzia eta Teknologiaren aldeko Espainiar Fundazioak babestu du ekimena.