Udal eta kontzeju hauteskundeak 2015

Geroa Bai lehen indarra

Guaixe 2015ko mai. 28a, 21:44

Bost zinegotzirekin, sendo sartu da udalean Javier Ollo Martinez buru duen Geroa Bairen zerrenda. Geroa Baik NaBaik duela lau urte baino 481 boto eta 9,47 puntu gehiago eskuratu ditu. Koalizioak bi boto gehiago eskuratu izan balitu Goazen Altsasuren zinegotzi bat eskuratuko luke.

EH Bilduk botoa eman zuten bost altsasuarretatik baten boza jaso zuen igandean. Bilduk aurreko deialdian jaso zituen baino 220 boto eta 9,28 puntu gutxiago eskuratu zuen koalizioak. PSNk boto emaile fidelak dituela baieztatu da beste behin ere. 15 boto irabazi dituzte sozialistek baina 1,31 puntu jaitsi da. Goazen Altsasu hautagaitza altsasuarren udalerako laugarren aukera bihurtu da. UPNk 11 boto eta 1,18 puntu gutxiago lortu baditu ere bere zinegotziari eustea lortu du. Udalean ordezkaritza galdu dutenak PP eta I-E izan dira. Popularren legegintzaldi batean 120 boto eta 4,06 puntu galdu dituzte. Koalizioak, berriz, 20 urteren ondoren agur esan dio udalari. 127 boto eta 4,25 puntu galdu ditu.

Geroa Bai bost zinegotzirekin UPN ez den beste alderdiren baten babesa beharko luke Ollok alkatetza eskuratzeko, bestela Geroa Baik zerrenda bozkatuena gisa hartuko luke Garazi Urrestarazu Zubizarretaren alkatetzako lekukoa. Aldeen arteko hartu-emanek argituko dute alkatetza. Udal hautagaitza batek Altsasun bost zinegotzi lortu zuen azken aldia duela 24 urte izan zen. 1991ko udal hauteskundeetan PSNk lortu zituen bost zinegotzi, nahiz eta gero alkatetza ez lortu, aldaketaren aldeko indarrek Jose Manuel Goikoetxeari eman zioten alkatetza.

Parte hartzea Altsasun duela lau urte baino 7,81 puntu handiagoa izan zen igandean. Bai boto baliogabeak (0,76 puntu) bai boto txuriak (1,63 puntu) behera egin zuten igandean.

Parlamentura
Udalerako bezala parlamenturako hauteskundetan Geroa Bai izan zen zerrenda bozkatuena Altsasun. Baina 275 boto gutxiago eskuratuta. Duela lau urte NaBaik baino 325 boto gehiago eskuratu zituen koalizioak. EH Bilduk udalerako baino zazpi boto gehiago eskuratu zituen parlamenturako Altsasun. Duela lau urte Bilduk baino 139 gutxiago.

Podemos-Ahal Dugu altsasuarren parlamenturako hirugarren aukera bihurtu da, sozialistak laugarren postura pasaraziz. PSNk parlamenturako hauteskundeetan 41 boto galdu ditu legegintzaldi batean. Eta udalerako baino 51 boto gutxiago eskuratu ditu ere. UPNk azken deialditik 55 boto galdu ditu, baina udalerako baino 183 boz gehiago eskuratu dituzte erregionalistek Altsasun. PPk, berriz, 97 altsasuarren babesa galdu du, baina udalerako baino hamar boz gehiago dira. 98 izan dira I-Ek galdutako botoak, udalerako jasotakoak baino 50 gutxiago dira.

Geroa Bairen eta EH Bilduren botoen batuketak 186 botoko hazkundea izan du duela lau urteko bozekin alderatuta. UPNk eta PPk lau urtean 152 boto galdu dituzte Altsasun. Udal hauteskudeetan izan den parte hartzearen parekoa izan zen parlamentuetakoetan eta duela lau urte baino 7,67 puntu altuagoa.

Udalaren osaera
Geroa Bai
1. Javier Ollo Martinez
2. Pedro Maria Jimenez Elvira
3. Unai Hualde Iglesias
4. Santiaga Luceño Arias
5. Maria Carmen Otaegi Saez De Maturana

EH Bildu
1. Miren Arantza Bengoetxea Intxausti
2. Francisco Javier Paz Miño
3. Haizea Ramirez De Alda Pozueta

Partido Socialista de Navarra
1. Juan Miguel Perez Hurtado
2. Julia Cid Gonzalez

Goazen Altsasu
1. Virginia Alonso Aparicio
2. Pedro Jose Arregi Mugika

Union Del Pueblo Navarro
1. Javier Lopez Patus