Ikastolaren bizikleta eguna

Guaixe 2015ko eka. 10a, 14:39

Iñigo Aritza ikastolako ikasleak Gartzia Ximenez kalean behera.

Iñigo Aritza ikastolako makina bat ikaslek ikastolarako joan-etorria bizikletan egin dute.

Ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzeko, gaur Iñigo Aritza ikastolako ikasle ugari bi gurpil gainean joan dira ikastetxera, guraso batzuk lagunduta. Zumalakarregi plazatik abiatu da ikasle tropela 8:40an. Ibilbidean tropela handitzen joan da ikasleak San Juan, Zelai, Gartzia Ximenez eta Txioka ikastolan zain zeuden ikasle gehiagorekin. Guztiak 8:50erako Basomuturreko ikastolara iritsi dira. Aldez aurretik ikasleei bizikleta tropelean joateko emandako aholkuak errespetatu dituzte.

Iñigo Aritza ikastolatik jakinarazi digutenez, heldu den ikasturtean ikastetxera bizikletan joateko martxan jarri nahi duten Bizibusa proiektuarako proba eguna izan da gaurkoa.

Beste esperientzia batzuk
Aralarko Mikel Donea institutuak, Ingurumena Hobekuntza programaren barruan, ikasleen artean bizikletaren erabilera sustatzen du. Kirol heziketa departamendua arduratzen da mugikortasuna lantzeaz. Hala maiatzean ibilbideak egiten dituzte. Bestalde, Sagrado Corazon ikastetxean hainbat urte daramate ikasleak elkarrekin ikastetxera joaten. Ikastolan bezala, hainbat geldialdi egiten dituzte eta taldeko arduraduna ikasle guztiak taldera batu zaizkiola ziurtatu ondoren, ikastetxerako bidean segitzen dute.