Yoseikan Budoa erakusten

Guaixe 2015ko eka. 11a, 12:05

Astelehenean Txuixoo elkarteak erakustaldia egin zuen Altsasun. Uztailerako yoseikanpaldia antolatu dute Uitzin

Astelehenean Txuixoo elkarteko yoseikan budoko Altsasuko taldeko ikasleek yoseikan budo erakustaldia egin zuten Altsasuko Burunda pilotalekuan. Urtean zehar ikasitakoa erakutsi zuten. Lehen aldia zen halako erakustaldi bat Altsasun egiten zutena eta erantzuna polita izan zen, jende dezente hurbildu baitzen. Hurrengo urteetan Arbizuko taldeko ikasleekin ere erakustaldia egiteko asmoa azaldu dute.

Uztailean yoseikanpaldia
Txuixoo elkarteak yoseikan budoaren onurak asko direla dio. Besteak beste, gorputz mugimenduaren kontrola, nortasun pertsonalaren garatzea eta, garrantzitsuena, alaitasuna. Bestalde, elkarteak nabarmendu du udan yoseikanpaldia antolatuko duela, duela urte batzuk egin zen bezala. Uztailaren 10ean, 11n eta 12an izango da yoseikanpaldia, Uitzin. Kanpaldi honek Euskal Herriko beste yoseikan budo klubekin bateratzeko aukera eskainiko die 6 eta 13 urte bitarteko neska-mutikoei. Informazio gehiagorako klubarekin harremanetan jarri.