Herriko historiari bigarren begirada

Guaixe 2015ko eka. 12a, 09:37

Altsasu Memoriak bere bilketaren bigarren atala aurkeztuko du larunbatean, 19:30ean, Altsasuko Iortia kultur gunean.

Altsasu Memoriak herriko hainbat gertakari ahanzturaren zulotik atera eta Altsasu historia osatu eta berreraikitzeko asmoz lanean ari da. Joan den urtean 76 eta 1950 urteen arteko historiaren errepasoa aurkeztu zuen. Bihar bigarren aurkezpen bat eginen du, 1950 eta 1992 urteen arteko aldiari dagokiona. Aurkezpenean musika (Enrike Zelaia, Zubiondo abesbatza eta Arrebote) eta dantza ez dira faltako. Altsasu Memoriak iragarri du 1992tik gaur egunera arteko errepasoa eginen duen hirugarren atal bat ere izanen da.

Altsasuren historiaren errepaso hori bi zatitan banatu du Altsasu Memoriak. Aurrena 1950 eta 1976 urteen artekoa hartzen du. Epe horren hasieran “gizarte eta kultur garapenean benetako basamortua zen Altsasu”. 50eko hamarkadan Fasan izandako greba gogoraraziko dute. 60ko hamarkadaren errepasoa egiterakoan aipatuko dituzte: Segura Irratiaren hedatzea, folkloreak zuen jazarpena, erbesteko Eusko Jaurlaritzan altsasuar batek parte hartzeko jasotako gonbitea, inguruko mendietan jarritako ikurrinak, sindikatuen sorrera, Ez dok Amairu eta Enrike Zelaia edota ikastolen sorrera.

Lehen atal hori, 70eko hamarkadan izandako dantzari egunarekin, Gure Etxeak sorrarazitako mugimendua, Altsasuko ikastolaren sorrera, Nafarroako grebak, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak, euskal jaiak eta Urbasan izandako filmaketak aipatuko dira.

Bigarren zatia
1977 eta 1992 urteen arteko tartean Francoren heriotza eta Altsasu Memoriak “Franquismoaren erreforma” deitzen duena hasi zen. Ikurrinaren legeztatzeak eta hura jartzeagatik etxe batek jasandako atentatua gogora ekarriko dute. 80ko hamarkadan izan ziren estatu kolpea, herri kontsultarik gabe onartutako Foru Hobekuntza, ZEN plana, gerra zikina eta pertsonen kontrako atentatuak azaleratuko dituzte. Baita Otanen kontrako erreferenduma, presoen dispertsioa edo Leitzarango autobiako gatazka. 90eko hamarkada hasieran intsumisioa edota gaztetxea aipatuko dira.

Altsasu Memoriaren helburuak
Herri-eragilek horren xedea “inposizioaren kontrako borrokaren historia zehatz zabaltzea, justizia egin dadin helburu hartuta. Eta giza eskubideen, askatasun eta gizarte justiziaren alde borrokatzeko erreferenteak berreskuratzea. Horregatik, Altsasu Memoriak bere burua dibulgazio eta mugimendu sozio-kultural gisa du. “Historia  osatu beharra dago, kontakizun ofizialetik aparte, ahaztutako gertakari eta pertsonaiak argitara ateraz”. Taldearen leloa: “bere historia ezagutzen ez duen herriak ez du bere oraina ulertzen eta, beraz, ez du dominatzen; eta beste batzuk egiten dute bere ordez”.

Aurkezpen bideoa.