Erlijio musika, kantu eta hariz

Guaixe 2015ko eka. 12a, 13:00

Erkudengo Ama abesbatzak eta Ariadna laukoteak kontzertua eskainiko dute larunbatean, 20:45ean, Altsasuko elizan

Musika sakroaren edertasuna erakusteko asmoz Erkudengo Ama abesbatzak eta Ariadna hari laukoteak bat egin eta musika sakroari buruzko kontzertu monografikoa eskainiko dute bihar Altsasuko Jasokunde elizan. Erlijio musikaren barnako ibilbidea bi musika taldeekin batera egiteko gonbitea luzatu digute. 

Ariadna

Ariadna hari laukote gasteiztarra Isabel Acevedok (biolina), Alaitz Aialak (biolina), Ainhoa Maraurik (biola) eta Aitziber Oraak (biolontxeloa) osatzen dute. Lau gazte horiek euren ikasketak bukatu ondoren osatu zuten laukotea 1995. urtean eta atzerriko irakasleekin ikasten hasi ziren. Kamara musika modalitatean emaitza bikainak lortu dituzte eta oraindik ere ikasten jarraitzen dute. Gasteizen maiz jotzen dute, hainbat ekitaldietan. 

Kontzertuari dagokionez, musika sakroa eskainiko dute Erkudengo Ama abesbatzak eta Ariadna laukoteak. Bi musika taldeak bakarka eta elkarrekin ariko dira kontzertuan zehar. Gasteiztarrek eskainiko duten obren artean Ennio Morriconeren Gabriel´s oboe dago, La Mision filmeko soinu-bandakoa. 

Musika sakroa ezagutzeko gonbitea

“Jendea kontzertura gerturatzea animatu nahi dugu. Musika sakroarekin harremanetan jartzeko aukera paregabea da, musika honen edertasunaz jabetzeko. Izan ere, musika mota honen inguruan ezjakintasun asko dago. Ez dago apenas ezagutzarik eta batzutan jendeak aurreiritzi asko ditu, baina musika oso ederra da. Merezi du larunbatean Altsasuko elizara gerturatzea eta musika bikain honekin gozatzea” adierazi digu Erkudengo Ama abesbatzako Puri Alzelaik. 

Egitaraua 

Erkudengo Ama:
Kirye de la misa criolla
Oh quam suavis est
Ama Birjiña

Ariadna laukotea:
Ave María Guaraní           E. Morricone

Erkudengo Ama eta Ariadna laukotea:
Signore de le Cime
Exaltabo te Domine
Tu es Petrus
Ave Verum

Ariadna laukotea:
Gabriel´s Oboe                E. Morricone

Erkudengo Ama eta Ariadna laukotea:
Aita Gurea
Tebe Poem
Bogoroditse,  Ave Maria
Querubing song