Txakurrak ardatz dituen elkartasun festa

Guaixe 2015ko eka. 12a, 10:03

Larunbatean, 10:00etatik aurrera eta, domekan, 9:00etatik aurrera Altsasuko kaputxinoen komentu ondoan.

Bocalan Biak Bat (BBB) antolatu du behar bereziak dituztenen aldeko elkartasun jaialdia. Bosgarren edizioa, aurrekoak bezala, Altsasuko kaputxinoen komentua zenak hartuko du. Irabazi asmorik gabeko elkartea da BBB. Bi arlotan lan egiten dute: animaliek lagundutako esku-hartzeak bultzatzen (terapia, hezkuntza eta ekintzak) eta ezintasuna duten pertsonei laguntzeko laguntza txakurrak heztea.

BBBk bere eguneroko jardunean ikusi du euren esku-hartzeekin kolektiboetako pertsonek hobekuntza nabarmenak lortzen dituztela. Baina erakundeen laguntza eskasa da eta familiek ezin dute terapiek duten kostua ordaindu. Horregatik, BBB zerbitzu hori eskaini ahala izateko, makina bat jaialdi eta azoken bidez finantziazioa lortzen saiatzen da.

Asteburuan Altsasun antolatu duen jaialdiaren helburua da sarrera, tonbola, taberna eta bestelakoen bidez dirua lortzea. Diru hori gero behar bereziak dituztenei zuzendutako animaliekin lagundutako terapia eta laguntza txakurren proiektuetara bideratuko da. Horregatik, jaialdiaren bosgarren edizio honetan ere familiendako eta animalien maitaleendako giro atsegina sortuko da. Horretarako, txakurren inguruko ikuskizun eta ekintzekin batera haurrendako makina bat jarduera izanen dira.

Egitaraua
Garagarrilak 13, larunbata
10:00etan Txakur herri-lehiaketarako izen ematea eta hasiera
11:00etan Dantzarima taldearekin, dantzan.
11:00etatik 14:00etara Umeen txokoa: jolasak eta ekintzak.
12:00etan Txakur herri-lehiaketa: maskotarik ederrena, originalena, jabearen antza gehien duena, handiena, jatorrena eta bihurrienari sariak.
13:00etan Dantza erakustaldia. Dantzarima taldea.
14:00etan Herri bazkaria.
15:00etan Ipar ligako agility proba.
    Beauceron monografikoaren hasiera: izaera eta morfologia proba.
17:00etatik 20:00etara Umeen txokoa: jolasak ea ekintzak.
18:00etan Ane eta Piratak. Sagrado Corazon ikastetxearen frontoian.
18:00etan Txokolate-jatea.
19:00etan Txakur herri-lehiaketaren sari ematea.

Garilak 14, domeka
9:00etan Beauceron monografikoa: gomendatze alea-rem agiria lortzeko epaiketak.
10:00etan Nafarroako Txakur Txapelketako lehiaketa.
11:00etatik 14:00etara Umeen txokoa: jolasak eta ekintzak.
14:00etan Herri-bazkaria.
17:00etatik 20:00etara Umeen txokoa: jolasak eta ekintzak.
17:00etan Falkoneria erakustaldia.
18:00etan Txokolate-jatea.
19:00etan Txakur trebetasun eta diziplina erakustaldia: defentsa, detekzioa, babesa.
19:00etan Txakur-gaitasunen lehiaketa.

Bi egunetan artisau azoka izanen da.

Ekarpenak
12 urtez azpikoek euro bat. Egun bakarrerako sarrerak 3 euro balio ditu eta bi egunetakoak 5. Jaialdira joan ezin duenak diru ekarpena egin dezake honako kontu korrontean: ES07 2095 5500 40 9113685012.