Bikerren hitzordu garrantzitsua Altsasun

Guaixe 2015ko eka. 12a, 18:00

Altsasuko BTT Zeharkaldiaren 20. edizioa antolatuko du Barranka Txirrindulari Taldeak igandean, 9:00etan. Nobedade moduan bi ibilbide egongo dira: luzea, 45 km-koa eta laburra, 28 km-koa

Burunda Txirrindularitza Klubean egon den berregituraren ondoren, Barranka Txirrindulari Taldeak hartu du Altsasu BTT Zeharkaldia antolatzearen ardura. Aurten 20. edizioa beteko du BTT edo mendi txirrindularitza egutegian izen handia duen Altsasuko proba ez lehiakorrak. Eguraldiari dagokionez, ez omen dira prezipitazio handirik espero eta horrek proban ez duela eragingo uste du Barrankako kide eta Altsasu BTT Zeharkaldiko arduradun Julian Claverrek.

Izena ematea bihar arte
Bihar, larunbata 12:00etaraino eman ahalko da izena Altsasuko BTT Zeharkaldirako www.barrankatt.com web gunean. Guaixeko erredakzioa ixterako orduan 480 biker zeuden izena emanda. Antolakuntzak 700 bikerren parte-hartzearen muga jarri du, lehenengoz. Aurreko urtean 585 txirrindulari aritu ziren.

Altsasuko BTT zeharkaldia proba ez-lehiakorra da. Euskal Herriko egutegian finkatuta dagoen proba da, Nafarroako probetan zaharrena. Helburua, betiko moduan, gure eskualdea erakustea eta gure paisaiekin gozatzea eta bizikletarekin disfrutatzea da.

Bi aukera: 45 km eta 28 km
Aurtengo beste nobedade bat da antolakuntzak bi ibilbide antolatu dituela, luzea (45 km, 804 m desnibela) eta laburra (28 km, 482 m desnibela). Altsasukoa luzeegia gelditzen zitzaienei begira antolatu dute laburragoa.
Txirrindulari guztiak goizeko 9:00etan aterako dira Altsasuko plazatik. Basomuturretik eta institutuetatik barna Ulaiar eremura iritsiko dira, Lekuona parajera. Ondoren Sorozarretara joko dute, Ibarreako lehen zubira, eta kuarteleko eta biltegi zaharretik Zapardira igoko dira. Handik Olatzagutiraino joko dute, eta, berrikuntza moduan, Olatzagutia eta Ziordin dagoen Batuekoko iturrira igoko dira. Ondoren, Ziordiraino jaitsiko dira eta Ziordiko txipudi ederrean hornidura gune nagusia egongo da. Zubi azpitik Olatzagutira iritsiko dira eta Urbasako magaletik Altsasuraino helduko dira. Han, BM denda parean ibilbide motzekoek Altsasuko plazara joko dute, helmuga. Aldiz, ibilbide luzea egingo dutenek Urdiain eta Iturmenditik pasako dira, Bakaikura heltzeko. Bakaikun, Guerra Hermanos lantegitik mendira igoko dira eta buelta bat eman ondoren, Iturmenditik barna Urdiaingo igerilekuetara iritsiko dira. Basoitxi gainditu ondoren Otadiko Kristo Deunatik sartuko dira Altsasuko foru plazako helmugara. Ibilbidea ikusgai dago es.wikiloc.com web gunean barranka erabiltzailea jarrita.

Proban parte hartzera animatu dute
Antolatzaileek Altsasu BTT zeharkaldian parte-hartzera animatu dituzte sakandarrak, “ibilbidea ederra delako, pribilegiatua. Urtero ibilbidean berrikuntzak sartzen saiatzen gara, ibilbidea aldatzen, jendea ez aspertzeko. Eta biker guztiek eskertzen dute hori, gustatzen zaie”. Dena ongi ateratzeko egunean bertan 100 pertsona inguruk egingo dute lan. “Lan handiko eguna da, baina pozik egiten duguna” gaineratu du Altsasu BTTko arduradun Julian Claverrek. Nahiz eta babesle batzuk joan gehiago hurbildu dira eta aurten proba antolatzeko 35 babesle inguru dituzte, inoiz baino gehiago. “Oso kontentu gaude” adierazi du Barranka Txirrindulari Taldeko kideak.

Opariak eta giro ona
Izena ematen duten txirrindulariek hurrengo opariak jasoko dituzte: kirol kamiseta teknikoa, Laketek emandako txistorra, Katealdek emandako patea, Lacturale esne litroa, Agrozumos etxeko produktua eta Galius etxeko eguzkitako krema. Kopuru horretatik gorakoek opari sari batzuk jasoko dituzte. Horretaz aparte, hainbat sari zozketatuko dira parte-hartzaile guztien artean. Tartean 4 sari zozketatuko ditu Galius etxeak: 3 saritan, proban izena emateagatik ordaindutakoa itzuliko du Galiusek, eta laugarren saria egokitzen zaionak Galius produktuak jasoko ditu.

Sakana Burunda martxan parte hartzeko 10 euroko deskontua
Altsasu BTT Zeharkaldian parte hartzen duten biker guztiek garagarrilaren 27an Barranka taldeak antolatu duen V. Sakana Burunda zikloturista martxan parte hartzeko 10 euroko deskontuko bonoa jasoko dute. Gainera, bono hori transferigarria da, beste pertsona bati utzi ahalko diote.