451 bikerrek ederki gozatu zuten Altsasun

Guaixe 2015ko eka. 15a, 11:04

Barranka Txirrindulari Taldeak antolatutako 20. BTT Zeharkaldia primeran joan zen

Bizikleta hartu eta goiz bikainaz disfrutatu zuten 20. Altsasu BTT Zeharkaldian izena eman zuten 451 bikerrek. Burunda Txirrindularitza Klubean egon den berregituraren ondoren, Barranka Txirrindulari Taldeak antolatu zuen Altsasu BTT Zeharkaldia. Aurten, lehenengoz, bi ibilbide prestatu zituzten, 45 km eta 805 metroko desnibela zuen ibilbide luzea eta 28 km eta 482 metroko desnibela zuen ibilbide motza. Irteera hartu zuten 451 bikerren %80ak ibilbide luzea egitea aukeratu zuen eta eguraldi bikaina lagun –ibilbideak iraun bitartean ez zuen euririk egin– bizikleta festa ederraz gozatu zuten guztiek.


Altsasuko alkate berri Javier Ollok egin zuen proba ez lehiakorraren zinta moztea. Bikerrek Beikolarretik Sorozarretara jo zuten, bertan buelta hartu eta Zapartidik aurrera egiteko. Olazti eta Ziordia hartuko Batueko iturria gaindituta, Ziordiraino jaitsi ziren. Han zegoen hornidura gune nagusia, Txipudi ederrean. Olaztin banatu ziren bi ibilbideak. Ibilbide motza hautatu zutenek Altsasuko Foru plazako helmugara jo zuten. Aldiz, ibilbide luzeak Urdiain, Iturmendi eta Bakaikuraino jarraitu zuen. Guerra Hermanos fabrikatik aurrera eginez eta mendian buelta bat eman eta gero, Urdiaingo igerilekuetatik Basoitxira sartu ziren bikerrak, Otadiko Kristo Deunatik Altsasuko Foru Plazara heltzeko.

Helmugan opari andana jaso zuten biker guztiek: kirol kamiseta teknikoa, Laket txistorra, Katealde patea, Lacturale esne litroa, Agrozumos etxeko produktua eta Galius etxeko eguzkitako krema. Horretaz gain, 60 sari zozketatu ziren partaideen artean eta biker guztiek garagarrilaren 27an Barranka Txirrindulari Taldeak antolatuko duen V. Sakana Burunda zikloturista martxan parte hartzeko 10 euroko deskontu bonoa jaso zuten, transferigarria den bonoa.


Ibilbide ederra
Altsasuko BTT Zeharkaldiaren arduradun Julian Claverrek behin eta berriz nabarmendu zuen Altsasuko proba biker askoren egutegian finkatuta dagoen proba dela. “Gurea Nafarroako probetan zaharrena da, askoren egutegian finkatuta dagoena. Eta ederra. Ingurune pribilegiatua dugu, eta betiko moduan, probarekin gure eskualdea erakutsi nahi dugu eta bizikletarekin egun ederra pasatzea nahi dugu” nabarmendu zuen. Iritzi berekoak ziren bikerrak, eta antolakuntza ona eta ibilbidearen edertasuna nabarmendu zuten. “Gure ingurune pribilegiatuak urtero aldaketak egitea ahalbideratzen digu, ibilbide aldaketak egitea, eta bikerrek izugarri eskertzen dute” gaineratu zuen Claverrek. Guztia ongi ateratzeko 100 pertsona inguru aritu ziren lanean.